AZKENEKO FAROZAINEN HISTORIA ISLATUKO DU ALONDEGIAKO ERAKUSKETA BERRIAK

2017/04/06

Apirilaren 7tik 24ra bitartean ikusgai egongo da Oxford aretoan Euskadiko Itsasargien Lagunak elkarteak antolatutako argazki erakusketa. Halaber, itsasargien historia islatzen duen dokumentala ere eskainiko da hilaren 19an. Erakusketarekin batera, apirilaren 7tik 14ra bitartean ikusgai egongo da ere Oxford aretoan Zumaiako Institutuak eta Beduola elkarteak elkarlanean zaharberritutako txanala.

Ostiralean arratsaldeko 18:00etan zabalduko da Alondegiako Oxford aretoan  Euskadiko Itsasargien Lagunak elkartearen argazki erakusketa.

Bertan, elkartekideek hainbat herrialdetako itsasargietara eginiko bisita ugarietan hartu dituzten argazkietako batzuk erakutsiko dituzte. Erakusketa apirilaren 7tik 24ra bitartean egongo da ikusgai astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara eta asteburu eta jaiegunetan 12:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Sarrera doakoa izango da.

Halaber, itsasargien historia islatu eta kontatzen duen dokumentala ere eskainiko da. Itsasoko argia: azken farozainen historia dokumentalaren helburua itsasargien eta dorrezainen historia erakustea da. Horretarako bertan bizi eta lan egiten dutenen testigantza zuzenak jaso dira filmean, baita haien senitartekoen, arrantzaleen eta gai hori landu duten artisten edo hainbat idazleen iritzia ere.

Izan ere, dorrezainaren ogibidea denbora laburrean desagertzera kondenatuta dago, azken urteotan ez baita inor lan horretarako prestatzen. Ondorioz, egungo funtzionarioak erretiratzen direnean ogibidea betirako desagertuko eta gure memorian soilik geratuko da. Hori dela eta, egun dorrezainek egiten duten lana ezagutarazi nahi du elkarteak film labur horren bitartez.

Dokumentala apirilaren 19an eskainiko da, 19:00etan Oxford aretoan. Ondoren, solasaldi bat ere egingo da elkarteko kideekin.  

Amaitzeko, apirilaren 7tik 17ra bitartean, Zumaiako Institutuak eta Beduola elkarteak elkarlanean zaharberritutako txanala ere ikusgai egongo da aretoan bertan.