Azoka arrakastatsua Alondegian
Udalak Araziren laguntzarekin antolatutako bigarren eskuko azokan salgai jarri ziren produktuen erdiak baino gehiago saldu ziren.
Abenduaren 10ean “Zumaian eskuz esku” bigarren eskuko azokaren hirugarren edizioa antolatu zen Zumaiako Alondegian. Zumaiako Udalaren proiektu hau, Arazi enpresaren eskutik burutzen da. Aurtengo edizioan, hirugarrena, mila produktu baino gehiago jarri ziren salgai eta horietatik, erdia baino gehiago saldu ziren. Herritarren parte-hartzeari esker, hainbat produktuen bizitza luzatzea lortu zen, berrerabilpena sustatu eta hondakinen sorrera murriztuz.
Hona hemen azokaren zenbakiak:
- 1.087 produktu jaso ziren eta, horietatik, 578 produktu saldu ziren (%53a).
- 38 saltzaile elkartu ziren eta horietatik, 36 saltzailek irabaziak lortu zituzten (%95a).
- Salmenta martxa onean burutu zen: 5 minuturo 7 produktu saldu ziren.
- Guztira, 1.641, 81 euro irabazi ziren, %100a saltzaileen artean banatu ziren.
- Produktuen prezioaren batazbestekoa 3 eurokoa izan zen.
Hirugarren edizio honen berrikuntza nagusia elkarte eta partikularrei postuen arreta hartzeko aukera eskaintzea izan da. Zumaian Zero Zabor elkarteak egitasmoarekin bat egin eta produktuak trukatzeko helburua izan du. Modu berean, erakusketa bat antolatu du: berrerabili daitezkeen produktuak aurkeztu, Zumaiako hondakinen kudeaketari buruzko datuak eskaini eta hondakinak murrizteko proposamenak zabalduz.
Antolakuntzak balorazio baikorra egiten du, kanpaina honen helburuak betetzea lortu baita. 578 produktu berrerabili dira, saldu ez zirenetik hainbat produktu dohaintzan jasoko dira eta beharra duten pertsonen artean banatuko dira, herritarren artean hondakinen murrizketaren inguruko sentsibilizazioa sustatu da. Horregatik, gure eskerrik beroenak zumaiarrei. Hurren arte!
Informazio gehiago: Algorri Interpretazio Zentroa, 943143100.



