Babesgunea hobeto ezagutzeko
Aste Berdeko egitarauaren barruan, biotopoari buruzko hitzaldia eskaini zuten Foronda Kultur Etxean asteartean. Zumaiako Udalak antolatu zuen solasaldia, biotopoaren inguruan sortu diren zalantzak argitu asmoz. Foru Aldundiko Ingurumen Saileko teknikariak izan ziren hizlariak.
Joan den otsailean eman zitzaion behin-betikoz Zumaia eta Deba arteko itsaslabarrari biotopo babestu izendapena. Geologikoki, eta paisaia eta natura ikuspegitik hain garrantzitsua den eremua babestea da izendapenaren helburu nagusia eta horretarako ekintza plana osatzen ari dira orain Foru Aldundiko teknikariak.
Herenegun (ekainak 9, asteartea) hitzaldia eskaini zuten Foronda Kultur Etxean herrian biotopoaren inguruan sortu diren zalantzak argitu asmoz. Zumaiako Udalak antolatu zuen hitzaldia Aste Berdeko egitarauaren barruan. Foru Aldundiko Ingurumen arloko teknikariek gidatu zuten hitzaldia eta herritar ugarik parte hartu zuten, euren kexa eta zalantzak azalduz.
Informazio guneak
Biotopoaren baitako erreserba guneak zein diren jakiteko plano bat jarri dute portuko sarreran. Printzipioz, plano horretan agertzen dituen mugak indarrean badaude ere, oraindik ez dira betearazten. Foru Aldundiko teknikariek jakinarazi dutenez, itsasoan bertan ere delimitatuko dituzte babestutako bi guneak buien bidez, eta zehaztasun gehiagoko planoak ere jarriko dituzte biotoporako sarreretan.
Eusko Jaurlaritzak bere weborrian jarrita ditu biotopoaren inguruko dokumentu ezberdinak. Horiek kontsultatzeko egin klik hemen.



