Babestutako 137 etxebizitza egingo ditu Eusko Jaurlaritzak Puntanoeta auzoan
42 etxebizitza alokairu sozialekoak izango dira; beste 42 babes ofizialeko alokairuzkoak; eta gainerako 53 salmenta bidezko babes ofizialekoak izango dira. Udalak Eusko Jaurlaritzarekin adostutako akordioak ahalbidetu du proiektua. Horiez gain, Udalak beste 143 etxebizitza sustatuko ditu Zumaia Lantzenen bitartez.
Etxebizitza politika sozialaren aldeko erronkan "urrats esanguratsuak" iragarri ditu gaur (azaroak 20, ostirala) Zumaiako Udalak datozen urteetarako. Iñaki Agirrezabalaga alkateak eta Andoni Etxaniz Hirigintza zinegotziak azaldu dutenez, babestutako 137 etxebizitza egingo ditu Eusko Jaurlaritzak Puntanoetan auzoan.
Duela urte eta erdi hasi ziren Udala eta Eusko Jaurlaritza hitzarmen honi buruzko lehenengo harremanak izaten. "Garai hartan Jaurlaritzaren gobernuan zeuden ordezkariei herriko planeamendua azaldu genien eta eremu honetan alokairu sozialeko etxebizitzak egiteko posibilitateak aztertzen hasi eta zirriborroak egin genituen", dio Agirrezabalaga alkateak. Gobernu aldaketarekin, gaiari berriz heldu zion Udalak eta hilabeteetako hartu-emanen ondorioz, lehen egindako zirriborroetatik ezaugarriak zehaztera pasa dira. Alde horretatik Zumaiako alkateak eskerrak eman dizkie Jaurlaritzaren lehengo eta oraingo ordezkariei, "erakutsi diguten lanerako prestutasunarengatik".
Hartu-eman horien fruitua izan da hitzarmen hau. Akordioaren arabera, Udalak lurrak emango dizkio eta Jaurlaritza izango da etxebizitzen eraikuntza sustatuko duena. Eraikiko diren babestutako 137 etxebizitzetatik, 42 alokairu sozialekoak izango dira; beste 42 babes ofizialeko alokairuzkoak; eta gainerako 53 salmenta bidezko babes ofizialekoak. Horrekin batera, Jaurlaritzak 1,4 milioi euro (+ BEZa) emango dizkio Udalari lurren truke, eta diru horrez gain, etxebizitza horien azpietan eraikiko diren lokal komertzialak Udalari emango zaizkio. 252.000 eurotan (+ BEZa) daude baloratuta lokal horiek. Etxaniz zinegotziak azaldu duenez, "orain artean auzoan ez dauden zenbait zerbitzu eskaintzeko baligarriak izango dira Udalak jasoko dituen lokal horiek".
Aurreikuspenen arabera, urtea bukatu aurretik sinatuko dute Udalak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmena. Aurreko asteko ostegunean egin zen Zumaia Lantzenen Administrazio Kontseiluan aho batez onartu zuen Udalak akordioa eta Jaurlaritza ere azkeneko prozedurak zehazten ari da. Udal gobernuko ordezkariek azaldu dutenez, "Eusko Jaurlaritzaren asmoa hiru partzelatako etxebizitzak lehenbailehen eraikitzen hastea da, eta beraz, baliteke 2010ean bertan abiatzea etxebizitza hauek eraikitzeko egin beharreko lanak".
Hitzarmena sinatu ondoren jakinaraziko dira etxebizitza hauetarako zerrendak noiz irekiko diren eta Etxanizen hitzetan, "zumaiarrek izango dute lehentasuna.
Zumaian "proiektu aitzindaria"
Zumaian "proiektu aitzindaria"
Udal ordezkarien esanetan "diru ekarpen garrantzitsuak behar ditu izaera sozialeko etxebizitzen egikaritzeak, eta Zumaian inbertsio esanguratsua egitea lortu dugu. 2 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo du Eusko Jaurlaritzak; inbertsio defizitarioa da ekonomikoki, baina sozialki guztiz aberatsa".
Hala, Zumaian aurreneko aldiz ahalbidetuko da alokairu soziala eta "behar gehien dutenei" etxebizitza publikoko eskaintza egingo zaie. "Proiektu aitzindaria" izango da herrian.
Planoan agertzen diren, 3B, 2B eta 1B partzeletan egingo ditu Eusko Jaurlaritzak etxeak. Horien azpikaldean ageri diren beste hiru partzeletan Udalak sustatuko ditu etxebizitzak Zumaia Lantzenen bitartez eta datorren urtean eraikitzen hastea aurreikusten da.



