Badator euskararen astea

2009/11/13

Azaroaren 27tik abenduaren 6ra bitartean izango da aurten eta dagoeneko azaroaren 28ko bazkarirako txartelak salgai daude Metro tabernan, turismo bulegoan eta zaharretxean.

 

Dagoeneko bi aste baino gutxiago falta dira 2009ko euskararen astean bete-betean sartzeko. Azaroaren 27tik abenduaren 6ra bitartean izango da aurten, eta antolaketa lanetan Udala eta herriko hainbat talde ari dira, elkarlanean.

Aurten ere denetik egongo da: literatura emanaldiak, Zumaian saltaka euskararen alde, kantu-saioa, hitzaldiak, euskarazko filmak...

Azaroaren 28rako deialdi berezia egin nahi dute antolatzaileek. Aurten aldaketatxo bat egin da eta saltaka saioa larunbat eguerdian izango da, 13:00etan.

Ondoren, bazkaria egongo da Zaharretxean (Hogarrean), Beheko Plazan. Helduen txartelak 15 € balio du, eta umeen menua ere egongo da 10 €-an. Bazkalondoan Sunbillatik kantuz kantu taldearekin abesti herrikoiak abestuko dira han bertan. Txartelak salgai daude dagoeneko, Metro tabernan, turismo bulegoan eta zaharretxean bertan.

 

Zumaian Saltaka kamisetak

Bestalde, aurten ere atera dira Zumaian Saltakako kamisetak, 5 €-an. Ikastetxeetan eskatzeko aukera izango da datorren astean, eta 20tik aurrera Turismo bulegoan erosteko aukera egongo da. Seguruena Erribera kalean ere erosi ahal izango dira datorren asteburuan.

Laster izango dugu egitarau zehatzagoa ezagutzeko aukera. Bitartean, agendan tokia gorde eta hasi prestatzen!