Badator Lapetan euskarazko online jokoaren bigarren aldia
Martxoaren 3tik 24ra egingo dute Zumaian, eta lau saio izango ditu. Asteartero jokatuko dute galdera-erantzunen lehiaketa; saioko hamar galdera erantzungo dira.
Datorren asteartean, martxoaren 3an, abiatuko da Lapetan galdera-erantzunen jokoaren bigarren aldia. Euskararen sustapena eta herri izaeraren transmisioa ditu ardatz Zumaiako Udalak eta Gukak elkarlanean landu duten jolasak, eta iaz egin bezala, Zumaiako edota Euskal Herriko hainbat gairekin zerikusia duten galderak erantzun beharko dituzte parte hartzaileek. Partaideak zumaiar peto-petoak al diren jakiteko lehiaketa da Lapetan.
Jolasak lau saio izango ditu, eta astearteetan egingo dituzte, martxoaren 3tik 24ra bitartean. Saio bakoitzean hamar galdera egingo dituzte, askotariko gaien ingurukoak: euskara, kultura, erlijioa, kirola, zientzia, ingurumena, politika, festak, geografia, historia, ekonomia, artea edota gizartea. 10:00etatik 22:00etara bitartean erantzun beharko dira galdera horiek.
Lehiaketako parte hartzaileek 40 galdera erantzun beharko dituzte guztira. Galdera bakoitzak hiru erantzun posible izango ditu, eta horietatik bakarra izango da zuzena. Parte hartzaileak erantzun bat aukeratuko du hiru aukeren artean. Asteroko sailkapena asteazken eguerdian plazaratuko da zumaiaguka.eus webgunean.
Sari potoloak iragarri dituzte: irabazleak Txopa gastrotekan lau lagunentzako jatordua eskuratuko du. Parte hartzaile guztien artean, gainera, Begi Bistanen lau bonu bikoitz zozkatuko dira.
Lehiaketan parte hartzeko, ez da aurrez izenik eman beharko, baina ezinbestekoa izango da zumaiaguka.eus atarian logeatzea, erabiltzaile datuak sartuta. Erabiltzaileak ez direnek momentuan datuak sartu eta erabiltzailea sortu beharko dute galderetara sarbidea izateko. Ezinbesteko baldintza izango da 18 urte beteta izatea.
183 parte hartzaile iaz
Iaz egin zen Lapetan galdera-erantzunen lehiaketaren lehen aldia, eta guztira 183 lagunek erantzun zituzten galderak. Datorren astean hasiko den jolasean bezala, Zumaiarekin edota Euskal Herriarekin lotura zuten galderak erantzun behar izan zituzten parte hartzaileek: "Zumaiarrentzat zer da Iruermita?". "Nola izena du Oikiako kultur elkarteak?". Halako beste 40 galdera jarriko dira mahai gainean. Gukak eta Zumaiako Udalak herritarrak animatu dituzte parte hartzera.



