BADATOZ ERREGE MAGOAK!
Eguberriak amaitzear daude eta festa egunak behar bezala agurtzeko, datorren ostegunean Errege Magoak itsasoz iritsiko dira Zumaiara herriko kaleak alaitu eta girotzeko.
Aurten ere dromedario gainean egingo dute urteroko kabalgata eta iaz bezala karroza bat ere egongo da opariak garraiatzeko. Baina horrez gain, sorpresa ugari ere egongo direla adierazi du Udalak.
Ibilbidea 18:30ean hasiko dute itsas kiroldegitik. Ondoren, Patxita Etxezarreta kalea zeharkatuko dute Txomin Agirre kaia arte. Bertatik Amaia plazara joango dira eta ondoren Erribera kaletik pasako dira Eusebio Gurrutxaga plazara iritsi arte, non, ibilbideko azken geldiunea egingo duten.
18:30etik kabalgata amaitu bitarte, 20:00ak inguru arte, alegia, trafiko mozketa puntualak egingo dira Errege Magoen ibilbidearen baitan, beraz, aipatutako kaleak ezingo dira ibilgailuz zeharkatu.



