Badatoz Errege Magoak!

2018/01/02

Ostegunean 18:00etatik aurrera Meltxor, Gaspar eta Baltasarrentzat haurrek idatzitako eskutitzak jasoko dira Eusebio Gurrutxagan. Halaber, Errege egun bezperan, ostiralean, urtero bezala, bisita bereziak egingo dizkie Errege Magoek herriko edadetu eta gaixoei Brankan, San Juan eta Otezuri egoitzetan eta hala eskatzen duten etxeetan.

Dagoeneko murgildu gara Eguberrien azken astean eta jada bi egun besterik ez dira falta Errege Magoen urteroko bisita jasotzeko.

Bide horretan, ostegunean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Erregeen pajeek Zumaiako haurren gutunak jasoko dituzte Eusebio Gurrutxagan eta ildo horretan, eskaera bat helarazi digute: hotza dela eta, umeak denbora luzez zain egon ez daitezen, argazki bakarra ateratzea eta horretaz pertsona bat arduratzea eskatzen zaie familiei, ahal den heinean, ahalik eta arinen.

Bisita bereziak herriko gaixo eta adineko pertsonei

Urtero bezala, Errege egun bezperan, hau da, ostiralean, kabalgata aurretik bisita bereziak egingo dizkie herriko gaixo zein adineko pertsonei Brankan eta San Juan eta Otezuri egoitzan. Halaber, haurren bat gaixorik balego eta Errege Magoen bisita etxean jaso nahi izango balu, horretarako aukera ere izango du aurrez eskaera eginda 943 86 10 56 telefonoan edo posta elektronikoz kultura@zumaia.eus helbidean.

Errege kabalgata

Eguraldia lagun izanda, ohikoa den bezala itsasontziz helduko dira ostiralean Erregeak Zumaiara.

Ibilbidea 18:30ean hasiko dute itsas kiroldegitik. Ondoren, Patxita Etxezarreta kalea zeharkatuko dute Txomin Agirre kaia arte. Bertatik Amaia plazara joango dira eta ondoren Erribera kaletik pasako dira Eusebio Gurrutxaga plazara iritsi arte, non, ibilbideko azken geldiunea egingo duten.