Balenciaga ontziolan lortutako akordioa berri pozgarria da Zumaiarentzat

2025/12/20

Zumaiako Udalak positibotzat jotzen du lortutako akordioa, negoziazio luze eta zail baten ondoren Astilleros Balenciagaren jardunari jarraipena emateko aukera zabaldu duelako.

Hilabete askotako ziurgabetasunaren ondoren, azkenean akordioa lortu da. Albiste positiboa da honakoa Zumaiarentzat, herriko industria-ehunaren etorkizunari eta enpleguari jarraipena emateko aukera irekitzen duelako.

Zumaiako Udalak balioan jarri nahi du Balenciagako langileek prozesu osoan erakutsi duten prestutasuna, erantzukizuna eta konpromisoa. Negoziazioa ez da erraza izan, eta lortutako akordioa ahalegin handien eta jarrera arduratsuaren emaitza izan da.

Era berean, Udalak negoziazioan parte hartu duten instituzio guztien inplikazioa eta borondatea eskertu nahi ditu. Prozesuak agerian utzi du helburu partekatuak daudenean eta norabide berean lan egiten denean, posible dela egoera konplexuei irtenbidea ematea.

Akordioak aukera ematen du ontziola berriro martxan jartzeko, eta ildo horretan, Zumaiako Udalak Abu Dhabi Ports taldeari eta honek gidatuko duen etapa berriari ongi etorria eman nahi dizkie. Proiektu industrial sendo bat garatuko dela espero du, betiere langileen lan-baldintzak erdigunean jarriz.

Udalak aurrerantzean ere jarraipena egingo dio prozesuari, langileekin zein jabe berriekin harremanak mantenduz, Balenciagaren etorkizuna Zumaiarentzat estrategikoa delako.