Balenciaga ontziolaren aro berria, "albiste bikaina" Zumaiarentzat

2026/07/16

Ekitaldia izan da gaur Balenciaga ontziolan, jarduera berrabiarazi ondoren eraikiko duen lehen ontziaren gila jartzeko. Inbertsoreak, langileak eta erakundeetako ordezkariak elkartu dira bertan; tartean izan da Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea ere. Ekitaldiaren harira, alkateak ontziolaren aro berriaren inguruko balorazioa egin du.

Balenciaga ontziolak gaur goizean egin du jarduera berrabiarazi ondoren eraikiko duen lehen ontziaren gila jartzeko ekitaldia. Bertan izan dira AD Ports Groupeko ordezkariak; Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua, Mikel Jauregi; Espainiako Gobernuaren ordezkaria, Marisol Garmendia; eta hainbat erakundetako ordezkari, tartean, Iñaki Ostolaza alkatea.

Ekitaldiaren harira, Iñaki Ostolaza alkateak azpimarratu du Balenciagaren aro berria albiste bikaina dela Zumaiaren etorkizunerako. Haren esanetan, gaurko ekitaldiak ez du ontzi baten eraikuntzaren hasiera bakarrik adierazten, herriarentzat etapa berri baten hasiera baizik. Gogorarazi du Balenciaga Zumaiaren historiaren, nortasunaren eta industria ondarearen parte dela, eta ontziola berriro jardunean ikusteak etorkizunari itxaropenez begiratzeko arrazoiak ematen dituela.

Langileei aitortza

Erakundeetako ordezkariez gain, beharginekin egoteko ere baliatu du ekitaldia Ostolazak. Aitortza berezia egin nahi izan die ontziolako langileei, azken urteetan erakutsitako profesionaltasunagatik, jakintzagatik eta konpromisoagatik. Nabarmendu du haiek izan direla une zailenetan ontziolaren etorkizunean sinesten jarraitu dutenak, eta ontziola martxan jartzeak langile guztien ahalegina ere aitortzen duela.

IMG_0211.JPG

Era berean, eskerrak eman dizkie Balenciagaren etorkizuna posible egin duten erakunde, inbertitzaile eta gainerako eragileei. Ostolazaren ustez, administrazioen, enpresaren eta inbertitzaileen arteko elkarlanari esker heldu da ontziola gaur egungo egoerara, eta lankidetza hori funtsezkoa izango da etorkizunari bermeekin aurre egiteko.

Industriak Zumaiaren garapenean duen garrantzia azpimarratu du alkateak, azkenik, ekitaldiaren harira. Adierazi du kalitatezko enplegua sortzen duen industria sendoa ezinbestekoa dela herriaren etorkizuna bermatzeko, eta Balenciaga ez dela enpresa bat bakarrik, belaunaldiz belaunaldi eraikitako ezagutza, ofizioa eta industria-tradizioaren adierazgarri ere badela. Horregatik, Udalak industria proiektuen alde lanean jarraituko duela berretsi du.