Banatu dira Julene Azpeitia Sariak
Atzo arratsean, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna probestuz, banatu ziren aurtengo Julene Azpeitia Sariak. Aurtengoan, Iñaki Basterretxea, Angel Gallo eta Leire Arano izan dira 26. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak. Irakurgai daude beren ipuinak webgune honetako Julene Azpeitia atalean.
Iñaki Basterretxearen Seca e Salgada, Angel Galloren Galduta eta Leire Aranoren More edo... ipuinak izan dira XVI. Julene Azpeitia literatur lehiaketako ipuin sarituak. Zumaiako Udalak literatur lehiaketa hori mantentzeko apustua egin du (iaz arte Kutxarekin elkarlanean antolatu ohi zen, baina iazkotik Udalak bakarrik antolatzen du), eta literatur zaleek ongi eskertu dute hori, aurtengoan.
Aurten 50 lan aurkeztu dira lehiaketara, iaz kopuruaren bikoitzak. Zumaiarren lanek ere gora egin dute, eta aurtengoan 4 izan dira aurkeztutako lanak. Azkenean, Ana Urkiza, Yolanda Arrieta eta Josu Waliñok osatutako epaimahaiak Basterretxea, Gallo eta Aranoren lanen alde egin zuten.
Atzo egin zen sari banaketan bertan izan ziren Basterretxea eta Arano, Gallok, ezin izan zuen etorri eta bere ordez Arantxa Manterola bidali zuen saria jasotzera.
Iaztik eskura
Julene Azpeitia lehiaketaren 25. urteurrenaren harira, iaz lehiaketako edizio guztietan saritutako ipuinak digitalizatu ziren eta webgune honetan bertan eskuragarri jarri, epub, mobe eta PDF formatuan. Aurtengo sarituen ipuinak ere irakurgai daude.
Urtez urte saritu diren ipuinez gain, Julene Azpeitiaren inguruan eginiko ikerlanekin osatutako 'Ehun urte mugan' liburua eta sariketa argazkiak ikus daitezke besteak beste. Bisitatu prestatutako atala, eta gozatu literaturaz!



