Herri-baratzea egingo du Udalak Marianton parkean

2010/10/20

Baratze ekologikoa izango da eta aurrera begira, ikastetxeekin nahiz gainerako herritarrekin saio didaktikoak antolatzeko asmoa du Udalak.

 

Zumaiako Udalak herri-baratze ekologikoa egingo du Marianton parkean. Baratze didaktikoa izango da, eta Ingurumen Hezkuntzarako erabiliko da. Izan ere, baratze ekologikoa ingurumen hezkuntzarako "baliabide bikaina" dela uste du Udalak, eta ikasleei gure natur ingurunearen ezagutza eta esperientzia ugari bizitzeko balioko die. Aurrera begira, ikastetxeekin nahiz gainerako herritarrekin saio didaktikoak antolatzeko asmoa du Udalak.

Udaleko teknikarien esanetan, baratzea irekia izango da, ez du hesirik edukiko eta barazkiek kartelak edukiko dituzte jendeak ze barazki diren identifikatu ahal izateko.

Kimu Bat enpresaren bidez ari da egiten Udala esku-hartzea eta dagoeneko hasita daude herri-baratzea prestatzeko lehendabiziko lanak. Orain, neguko barazkiak landatuko dituzte; aza, porrua, kipula edota erremolatxa, besteak beste. Ondoren, udaberrian gainerakoen txanda iritsiko da.

 

Baratzea Marianton parkean

Ekoitzitako produktuak

Herri-baratzeak fruituak emango ditu, eta uzta hainbat funtziotarako erabiliko da. Izan ere, baratze ekologikoan ekoitzitako produktuak eraikin publikoetako jangeletan erabiltzeko asmoa dauka Udalak.