Baratze parkeko lursailak prest zumaiarren gozamenerako

2018/05/25

Udalak Basustan sortu ditu, Kutxa Ekoguneraren laguntzarekin, herritarren erabilerarako 50 eta 70m2 arteko 31 baratze. Baratze horietan izena eman ahal izango dute herritarrek eta ondoren lursailen zozketa egingo da.

Gipuzkoako beste hainbat herritan bezala, Kutxa Ekogunearen laguntzarekin Baratze Parkea sortu du Udalak Zumaian. Baratze parkeari helburu eta izaera soziala ere emate asmoz, Basustan sortu diren 31 baratzeetatik %50a interes taldeentzat gordeko du Udalak, hau da, ezaugarri bereziak dituzten kolektiboentzat, hala nola, langabetuak, DSBE hartzaileak, ezgaituak, ama bakarreko bizikidetza unitateak…; Gainerako lursailak herritarren artean zozketatuko dira, errentaren arabera.  

Nekazaritza jarduera lantzeko ez ezik, ingurumena, ekologia, autokontsumoa edo elikadura osasuntsuaren inguruko heziketa eta sentsibilizazioa garatzeko elkargunea da sortu berri den Baratze Parkea. Baratze Parkeak norberaren barazkiak autokontsumorako eta era ekologikoan egiteko aukera eskainiko die erabiltzaileei eta kalitatezko aisialdi aktiborako topagune ere bilakatuko da Zumaiar guztientzat.

Ekainaren hasieran herritarrekin bilera eta saio irekiak egingo ditu Udalak baratzeen erabileraren eta lursailak eskuratzeko esleipen eta zozketa prozesuaren nondik-norakoak azaltzeko.

Zumaiakoa, Gipuzkoako Baratze Parke Sarean

Kutxa Ekoguneak 2012an Baratze Parke Sarea proiektua abiatu zuenetik, dagoeneko 19 dira Gipuzkoan kide diren Baratze Parkeak. Baratze Parke Sareko kide izateak hainbat abantaila eta zerbitzu eskaintzen dizkie Zumaiako Baratze Parkeko erabiltzaileei: “Baratzezaintza ekologikoaren oinarriak” ikastaroa, Sareko Parkeetan zehar dabilen Furgobaratza zerbitzua, baratzeen egoeraren jarraipen txostenak eta ongarriztatze gomendioak,  ekitaldi, tailer eta aholkularitza praktikoak eta baita Sareko ekitaldi eta aktibitateen berri ematen duen asteroko boletina eta webgunea  http://baratzeparkea.ekogunea.eus