Baratze parkeko lursailetan izena emateko epea uztailaren 9an zabalduko da

2018/06/22

Herritarrek 10 eguneko epean izango dute izena emateko aukera eta ondoren lursailen zozketa egingo da. Keretxudiko baratze parkearen helburua da, nekazaritza jarduera lantzeaz haratago, ingurumena, ekologia, autokontsumoa edo elikadura osasuntsuaren inguruko heziketa eta sentsibilizazioa garatzea.

Gipuzkoako beste hainbat herritan bezala, Kutxa Ekogunearen laguntzarekin Baratze Parkea sortu du Udalak Zumaian. Baratze parkeari helburu eta izaera soziala ere emate asmoz, Keretxudin sortu diren 31 baratzeetatik %50a interes taldeentzat gordeko du Udalak, hau da, ezaugarri bereziak dituzten kolektiboentzat, hala nola, langabetuak, DSBE hartzaileak, ezgaituak, ama bakarreko bizikidetza unitateak…; Gainerako lursailak herritarren artean zozketatuko dira.

Ildo horretan, ordenantzaren inguruko alegaziorik ezean, uztailaren 9an zabalduko da aipatu lursailetan izena emateko epea eta interesdunek 10 egun izango dituzte eskaera egiteko.

Lursailak eskuratzeko bete beharreko baldintzak eta esleipen prozesua

Baratze publikoa eskatzeko jarraian azaldutako baldintzak bete behar dira:

• Udalerrian erroldatuta egotea

• Fisikoki gai izatea baratzean garatuko diren nekazaritza eta laborantza jarduerak egiteko

•Zumaiako Udalaren zerga-betebehar guztiak eta gainerako ordainketa guztiak egunean izatea

•Beste baratze baten erabiltzailea den familia-unitateko kidea ez izatea

• Eskatzaileak edo bere familia-unitateko kideren batek ez edukitzea ez jabetzan ez gozamen-eskubidean, edo alokairuan nekazaritza-jarduerarako egokia den lursailik, edozein tokitan dagoela ere.

Interesa duten pertsonek eskaera egin beharko dute Udal Erregistroan, Horretarako inprimaki ofiziala betetzeaz gain, NAN-aren kopia eta aurreko baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak edo zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dira.

Lursailaren aprobetxamendua edota erabilera eta beraz, udal-lizentzia urtebeteko epez emango da, eta epe hori gehienez lau urte arte luzatu ahal izango da.

Udalak kanon bat aplikatuko du baratzearen laborantzagatik, baita fidantza bat ere. Baratze bat urtebetez erabili ahal izateko kanona 10 eurokoa izango da baratze eta hilabete bakoitzeko, orotara, 120 euro. Eta baratza bat eskuratzeko fidantza,  udal-eremu publikoaren erabilera zuzena bermatzeko, 100 eurokoa. Aurretik aipatutako interes talde edota pertsonek (tokiko taldeak eta mugikortasun urriko pertsonak) ez dute kanona ez fidantza ordaindu beharrik.

Azkenik, erabiltzaileek Elkarte bat sortu beharko dute baratzeak kudeatzeko eta ordezkari bat izendatuko dute Kutxa Ekogunearekin eta Udaleko arduradunarekin harremanetan egoteko.

Izen-emate epea amaitzean onartu eta baztertuen zerrendak publiko egingo dira eta eskariak baratzak baino gehiago balira, zozketa bidez banatuko dira baratzeak.

Zumaiakoa, Gipuzkoako Baratze Parke Sarean

Kutxa Ekoguneak 2012an Baratze Parke Sarea proiektua abiatu zuenetik, dagoeneko 19 dira Gipuzkoan kide diren Baratze Parkeak. Baratze Parke Sareko kide izateak hainbat abantaila eta zerbitzu eskaintzen dizkie Zumaiako Baratze Parkeko erabiltzaileei: “Baratzezaintza ekologikoaren oinarriak” ikastaroa, Sareko Parkeetan zehar dabilen Furgobaratza zerbitzua, baratzeen egoeraren jarraipen txostenak eta ongarriztatze gomendioak,  ekitaldi, tailer eta aholkularitza praktikoak eta baita Sareko ekitaldi eta aktibitateen berri ematen duen asteroko boletina eta webgunea  http://baratzeparkea.ekogunea.eus