Bart gaueko ezbeharraren inguruko Udalaren oharra

2012/07/04

Udaleko alderdi guztiek honako idatzi hau adostu dute.

Okin enpresan bart gauean izandako ezbeharraren aurrean Zumaiako Udalak bere samina eta  elkartasuna adierazi nahi die istripuan hil den Gorka Ramos gazte zumaiarraren familia eta ingurukoei. Jakin dezatela, Udala beraiekin dagoela une gogor hauetan ere.

Istripuan gazteari laguntza eman nahian zauritu diren lankideak lehenbailehen osa daitezen espero du Udalak.

Gaur goizean goizetik Udaleko arduradunak hartu-emanean dira enpresako arduradunekin gertatutakoaren inguruko zehaztapenak ezagutzeko, eta ezbeharra lehenbailehen argitu dadin nahi du.

Udalak berriro horrelako lan istripurik gerta ez dadin, lan baldintza duinak eskatzen ditu langileentzat, eta lan segurtasuna bermatzeko bidean indar gehiago egiteko eskatzen die enpresei. Bide horretan, Udalak egin dezakeena egiteko konpromisoa berresten du.