Basadin jolastoki berria egokituko du Udalak

2009/09/04

Anbultario inguruko lanekin batera prestatuko da eremu berria eta dagoeneko jolastokiaren lanak esleitzeko prozedura abian du Udalak.

 

Basadi auzoan haurrentzako jolastoki berria egokituko du Udalak. Anbulatorio inguruko berrurbanizaio lanekin batera prestatuko da gaztetxoentzako eremu berria eta 440 metro karratuko azalera izango du, gutxi gorabehera. Lehengo jolastokiaren eremua handitu egingo da eta alboko belargunea aprobetxatuko da horretarako.

Dagoeneko jolastokiaren lanak esleitzeko prozedura abian du Udalak eta 69.400 eurokoa izango da gehienezko lizitazioa, BEZa barne. Irailaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dira proposamenak udaletxean eta kontratazioaren oinarriak hemen kontsultatu daitezke.

Kontratazioko oinarrien arabera, ekipamendu berriak estimulu hezigarriak eskaini beharko ditu, eta jarduera fisikoa, aisia, irudimena eta gaitasun motorrak sustatuko ditu. Horrez gain, balioetsi egingo da proposamenetan elementu bereziak sartzea, ahalmen urriko haurrek jolasetan parte hartzeko aukera izan dezaten.

Lehengoa berrerabili egingo da

Orain dagoen jolastokia ez da zaborretara botako, ordea. Gorde egingo da eta behar dituen mantentze lanak egin ostean, beste eremu baterako aprobetxatuko da.