BASOKO ARGIGUNEAN IGOGAILU DISEINUA IZANGO DA SAN JOSE AUZOAN AURRERA ERAMANGO DEN PROIEKTUA

2017/05/15

Guztira herritarren 111 boto jaso ditu Udalak eta horiek epaimahai politiko-teknikoak aurrez emandako puntuazioari gehitu ostean, Vaumm arkitektura enpresak aurkeztutako proposamena izan da irabazlea. Udalak eskerrak eman dizkie herritarrei haien parte hartze eta inplikazioagatik eta obrak datorren urtean hastea aurreikusten duela adierazi du.

San Jose auzoan igogailua jartzeko prozesu irekiak badu, azkenean, irabazlea. Vaumm arkitektura eta hirigintza enpresak aurkeztutako Basoko argigunean izeneko diseinua izan da herritarren botoak eta epaimahai politiko-teknikoarenak batuta puntuazio altuena jaso duen proposamena.

Aipatutako proiektuak herritarrengan eta bereziki San Jose auzoko bizilagunengan izango duen eragina aintzat hartuta, Udalak ezinbestekotzat jo zuen herritarrak prozesuan inplikatzea. Horretarako prozesu parte-hartzailea jarri zuen martxan eta apirilaren 13tik maiatzaren 2ra bitartean, zumaiarrek gustukoen zuten proposamena bozkatu ahal izan zuten Hogarrean eta internet bidez. Guztira 205 boto jaso ditu Udalak, baina horietatik 111 hartu ahal izan ditu ontzat, gainerakoak identifikatu gabeko botoak izan baitira. Bide horretatik, 86 lagunek Hogarrean bozkatu dute eta 25ek, aldiz, internet bidez.

Ildo horretatik, Udalak eskerrak eman dizkie haien botoekin prozesuan parte hartu duten herritarrei. Proiektuari dagokionean diseinuaren arintasuna eta argitasuna nabarmendu ditu bereziki.

Igogailuaren proiektuak helburu du auzoko irisgarritasuna hobetzea eta herritarren beharrei erantzuna emanez, bereziki auzotarren mugikortasuna hobetu eta erraztea. Obrak datorren urtean hastea aurreikusi du Udalak eta 422.538,61€ko aurrekontua izango dute.