Beduako eremua berrezartzeko plana idazteko prozedura abian jarriko du Udalak

2009/11/04

Hainbat erakunderekin elkarlanean abiatuko dute egitasmoa eta Beduako landaredia eta fauna ahalik eta gehien babestea izango da helburua.

 

Zumaiako Udaleko Ingurumen Sailak, hainbat erakunderekin elkarlanean, Beduako meandroa eta uharteak berrezartzeko plana idazteko prozedura abian jarriko du aurki. Helburua eremua ahalik eta gehien babestea izango da, bertako landaredia eta fauna errespetatuz.

Helburu horri erantzuteko asmoz, hainbat erakunderekin elkartu da Udala azken hilabeteetan. Horien artean daude, Zumaiako Natur Taldea, Arantzadi Zientzia Elkartea, Itsas Enara Ornitologia Elkartea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Plaiaundi elkartea eta Algorri Zumaiako Natur Baliabideen Interpretazio Zentroa.

Udalaren ustez, garrantzitsua da gisa honetako egitasmo bat aurrera ateratzeko aditu direnen asistentzia teknikoa izatea. Esate baterako, Euskal Herriko Unibertsiateak hidrogeologia arloan duen esperientzia oso baliagarria izango da garatu nahi dugun proiektua zehazteko. Era horretan, Udalak eskerrak eman nahi dizkie ekimenean parte-hartzen ari diren erakunde desberdinei, "erakutsi duten prestutasun eta laguntzagatik".

 

Berrezarkuntzarako beharra

Orain, eremua berrezartzea izango da helburua. Ingurumen Sailetik jakinarazi dutenez, "Europa Iparraldetik, adibidez, hegazti migratzaile ugari etortzen da hona eta eremua babestu beharra dago".

Horretarako egingo dute berrezarkuntzarako plana. Azaroa erdialdean berriro elkartuko da Udala eragileekin eta proiektuaren ezaugarriak zehaztuko dituzte. Urtea amaitu aurretik, berriz, proiektuaren esleipen prozedura abian jartzea dute helburu.