Beheko Plaza berritu eta proiektu berriak abiatu nahi ditu Udalak

2014/04/30

Hasi dira Beheko Plazako zorua berritzeko obrak; berritu ostean ekonomia lokala bultzatzeko azoka egiten hasi nahi da bertan

 

Hasi dira Beheko Plazako zorua berritzeko obrak. Apirilaren hasieran esleitu zitzaioan plazako zorua eraberritzea Campezo enpresari, eta dagoeneko hasi dira berritze lanetan. Obrek 3 hilabete iraungo dute, eta faseka egingo dira.

2013ko urrian ekin zion Udalak  herritarrekin elkartu eta Beheko Plazan egingo diren hainbat hobetze lanen inguruko azalpenak eman eta etorkizunean plaza hori nolakoa izango den eta zein erabilera izan dezakeen herritarrekin hitz egiteari. Bilera horietan herritarrek egindako ekarpenetatik eta eskaeretatik abiatuta, hasieran udalak aurreikusten ez zituen hainbat aldaketa sartu ziren proiektuan. Hala, plaza berritzearekin bat, herritarren beharrei erantzuteko modua ere egin da. Beti ere egoera ekonomikoak baldintzatu du plazaren berritzearen tamaina, eta  egindako hainbat ekarpen edo proposamen momentuz ezinezkoak dira horien kostu ekonomiko handia dela eta.

Ez merkeena, bai egokiena

Campezo enpresarena ez zen lehiaketa publikora aurkeztutako proposamenetan merkeena izan, baina Udalaren ustez, bai plazako merkatari, eragile eta herritarren beharrei gehien egokitzen zaiena.

Lehiaketa publikoko oinarrietan 4 hilabeteko epea ezartzen bazen ere lanak bukatzeko, hiru hilabeteko epean egingo ditu enpresa irabazleak, eta obrak, gainera, faseka egingo dira. Epe laburragoan eta zatika egitea obrak proposatu zuen enpresak, eta Udalak hobekuntza horiek ere baloratu zituen lehiaketa publikora aurkeztuta proiektuak baloratzerako garaian.

Beheko plaza eraberritzeak 400.000 eurotik gorako aurrekontua du, eta Udalak bi dirulaguntza jasoko ditu. Alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako 100.000 euroko laguntza jasoko du. Eta bestetik, Udalak eta merkatari elkarteak elkarrekin eskatu zuten beste laguntza bat ere jasoko du Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailaren Merkagune diru-laguntzaren bidez, 30.600 eurokoa, hain zuzen.

 

Plazarako proiektu berriak

Behin plaza berritu ostean martxan jartzeko proiektuak ditu Zumaiako Udalak. Alde batetik, ostegunetako azoka Beheko Plazara mugitu nahi da. Iaz Udalak Beheko Plazako herritar, eragile eta ostalariekin egin zen bileran aipatu zuen asmo hori, eta denek begi onez ikusi zuten. Plazako postua dutenekin ere egin zen bilera bat, eta ongi iruditu zitzaien. Udalaren ustez, gaur egungo gunea (Amaia eta Ondartxo pazak) ez da lekurik egokiena azoka egiteko, zatituta daude postuak eta ez dago herriaren erdian. Leku aldaketarekin, herriaren erdigunean kokatuko litzateke azoka eta plaza bakar batean izango dira postu guztiak.

Baina ostegunetako azokaz gain, herriko hainbat sektore eta ekonomia lokala bultzatu asmoz, maiztasun finko batekin beste filosofia bateko azoka egiten hasteko proiektua aztertzen ari da Zumaiako Udala. Ostegunetako azokaren osagarri izango litzateke azoka hau.

Azoka osagarri horren helburuak anitzak dira. Ekonomia lokala sustatu nahi da, horregatik, herriko lehen sektorean lanean dihartuten herritar eta eragileekin bilduko da Udala. Lehen sektoreak presentzia nabarmena luke azoka horretan, hala, hein batean, elikadura subirautzaren aldeko apostua ere egin nahi da. Hau da, garaiko produktuak bertan ekoiztu eta bertan kontsumitzea da helburua.

Horretaz gain, ordea, artisau eta bestelako produktuak ekoizten dituzten herritarren plaza izatea ere nahi du azoka horrek.

Azoka hori egitea posible ote den, zein egunetan, zein maiztasunekin eta azokaren filosofia zein izan behar duen hitz egiteko herriko eragile ezberdinekin harremanetan jarri ostean, maiatzean eragile ezberdinetako herritarrekin biltzen hasiko da.