Behin-behinean 2016. urteko Ordenantza Fiskalak onartu ziren atzo
Aurten, lehen aldiz, kostuen ikerketa egin da tasa eta zergen bidez jasotzen den diru sarreren eta irteeren arteko diferentzia jakiteko.
Atzoko plenoan izan ziren hizketagai 2016ko Ordenantza Fiskalak. Ordenantza fiskalen bidez zehazten dira Udalaren tasa eta zergak, eta, atzokoan, datorren urterakoak zehaztean tasa eta zergak, orokorrean, izoztea erabaki zen.
Berez, Udal Gobernuan KPIa aplikatzea proposatu zuen, baina 2014ko abuztutik 2015eko abuztura bitarteko KPI-a negatiboa izan denez, tasa eta zergak orokorrean izoztu egingo dira.
Gastu estrukturaletan aurreztea
Aurten, aurreko urteetan ez bezala, Ordenantza Fiskalak zehaztu aurretik kostuen ikerketa egin dela adierazi zuen Marikruz Alvarez Ogasun Zinegotziak atzoko plenoan. Kostu ikerketa hori egiteko 2014. urteko aurrekontuen likidazioa eta 2016ko aurreikuspenak erabili dituzte. Horren arabera, 2014ko defizitarekin alderatuta, defizitaren igoera 190.000 eurokoa izatea aurreikusi da. Defizit hori arintzen lagunduko dute gaur egun Udala aztertzen ari den kontratuetan lortutako hobekuntzek eta gastu estrukturaletan aurreztea aurreikusten denak. Horretaz gain, Gizpukoako Foru Aldundiak jakinarazitakoaren arabera, Fofin-eren bidez herriek jasoko duten sarrerak ere igoera izango du.
Ondasun higiezinen eta trakzio mekanikoko zergetan aldaketak
Aurreko legegintzaldian ezarri zen etxe hutsen, edota, ohiko bizileku ez diren etxebizitzen Ondasun higiezinen zergaren (IBIa) %75eko errekargua kentzea erabaki du Udalak.
Zerga honetan orain artean zeuden hobariak mantendu egingo dira. Hala, Bizigune programan erabilera-lagapena duten ondasun higiezinen, famili ugarien eta eguzki energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistema duten ondasun higiezinen hobariak bere horretan mantenduko dira.
Trakzio mekanikoaren zergan ere aldaketak izango dira. Orain artean 25 urtetik gora dituzten ibilgailuek edota ibilgailu historikoek zerga honetan %50eko hobaria zuten. Hala, atzo behin-behinean onartutako Ordenantza Fiskalen arabera, %100eko hobaria izango dute.
Tasetan ere aldaketak
Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen zenbait tasa ere aldatu edota egokitu dira. Hala, Kirol Patronatuko tasetan aldaketa nagusi bat egin da. Aurten arte, umeen taldea 4-13 urte bitartekoek osatzen zuten. Urtarriletik aurrera 3-13 urte bitarteko haurrak hartuko dira kontuan talde horretan. Kiroldegiko beste hainbat zerbitzuren prezioa egokitu eta zenbait zerbitzu kentzea ere erabaki da. Hala, akupuntura, osteopatia, pare magnetikoak, terapia kraneosakrala eta UVA izpien zerbitzuak ez dira izango laster, eta dutxek 2,10 euroko kostea izango dute bazkide ez direnentzat.
Tasen inguruan, beste erabaki garrantzitsua izango da hizkuntza errefortzuko haurrentzat lukodetako kuota eta berdintasunetik antolatutako ikastaroen kuota dohakoa izatea onartu dela.



