Behin-behinean arazoari erantzunda, behin-betiko irtenbidea bilatzeko azterketak egiten jarraitzen du Udalak

2014/03/10

Udalak etxea hustu behar izan zuten bizilagunek , Gipuzkoako Foru Aldundiak eta behargin eta teknikoek izan zuten jarrera eskertu nahi du

Juan Belmonte kalearen bukaeran izan zen luiziaren inguruan, segurtasuna bermatuta dago larunbatetik. Inguruak oraindik ere itxita jarraitzen du, nahiz eta erortzear zen lur zatirik handienak finkatu, oraindik lur zati txikiak erotzeko arriskua dago, batez ere, eguraldi txarra egiten badu. Beraz, seinaleak eta zintak errespetatzeko eskatzen zaie herritarrei,

 

Behin-behinean eman zaio irteera arazoari, baina Udalak hegal horren segurtasun arazoa konpontzeko, luizia izan aurretik hasita zituen azterketa teknikoak egiten jarraitzen du, arazoari irtenbide integrala eman asmoz. Behin azterketak eginda, inguruko bizilagunekin elkartu eta asmoen berri ere emango du. 

 

Larunbat egurditik, etxean

 

Ostiral goizaldean izan zen luizia, eta goizeko lehen ordutik udal teknikariak bertan izan ziren ingurua aztertu eta hartu beharreko neurriak hartzen. Arratsaldeko 15:00etarako beharginak eta beharrezkoak ziren makinak bertan ziren lanean hasteko prest. Nahiz eta ahal bezain pronto lanak hasi, iluntzen hasi zenerako oraindik ezin zen erabat bizilagunen segurtasuna bermatu, eta Juan Belmonte kaleko 51. zenbakiko bizilagunek ezin izan zuten etxera itzuli.

 

Lanek larunbat goizean jarraitu zuten, eta eguerdirako, hegala finkatu eta 51. zenbakiko bizilagunek etxera bueltatzeko modua izan zuten. Iñaki Agirrezabalaga alkateak, etxebizitza hustu behar izan zutenen jarrera eskertu nahi du: “hasieratik ulertu dute arazoa, eta eskertzekoa da erakutsi duten jarrera”, azaldu du. Ostiral zein larunbatean lanean aritu zirenentzat ere esker on hitzak ditu: “Eskertzekoa da ostiral osoan eta larunbat eguerdira arte lanean aritu ziren behargin eta teknikoen lana. Epe oso laburrean normaltasunera itzultzeko lan asko egin baitute.  Bukatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundia ere eskertu nahi du Udalak, konponketak hasteko beharrezkoak ziren tresna eta lanabesak eskuratzeko emandako erraztasun eta laguntzagatik.