Beñat Lizeaga zumaiar gazteari babesa eta elkartasuna adierazi dio Udalak
Zumaiako Udalak gaur 19:30ean Kofradiatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko dei egiten die herritarrei.
Zumaiako Udalak Beñat Lizeaga zumaiar gazteari eta bere lagun eta senideei elkartasuna adierazi eta babesa eskaintzeko hainbat ekimen egin ditu. Horren adierazle izan zen, atzoko udalbatzarrean Atxilotuak izanez gero Euroaginduaren bidez Espainiaratuak izateko arriskuan diren 8 gazteen inguruko mozioa onartu izana.
Mozio horren bidez, Izpuran (Nafarroa Beherea) itxialdian dauden 8 gazteen lagun eta senitartekoak babestu, eta egoera honek sor ditzaken kostu ekonomikoak Udalaren gain hartzea (Zumaiaren kasuan, Beñat Lizeaga Urkidirenak) onartu zen. Proiektu politiko guztiak bermatuta egongo diren eszenatoki demokratiko baterantz urratsak emateko konpromisoa hartu zen. Balizko Euroagindu baten aurrean, berau arbuiatu eta salatzea erabaki zen. Balizko atxiloketan jasan ditzaketen torturak arbuiatu eta salatuko dira. Eta, afera horren harira egingo diren mobilizazioetara herritarrei deia luzatuko die Udalak.
Beraz, gaur 19:30ean kofradiatik ‘Eskubide zibil eta politikoen alde, euroagindurik ez!’ lemapean egingo den manifestazioan parte hartzeko dei egiten die Zumaiako Udalak herritarrei.
Lizeagari bisita
Udal Gobernuak atzo onartutako mozioaren bidez elkartasuna eta babesa adierazteaz gain Izpuran (Nafarroa Beherea) Lizeaga bera eta beste 7 gazteak bisitatu ditu burutzen ari diren itxialdian. Bisita horren bidez, Beñat Lizeagari bertatik bertara babesa emateaz gain, gazte zumaiarra ondo ote dagoen jakin nahi izan du Udal Gobernuak. Izpurara joan zen delegazio horretan zen Andoni Etxaniz alkateordea: “Beñat errugabea da, eta itxialdi honek ziurtasun hori indartzen du. Herrian egindako jardun politikoagatik zigortu nahi izan dute, baina inor ez litzateke jardun politikoagatik zigortu beharko. Ez diote inori kalterik egin, ez dituzte zigortzen egin dutenagatik, Beñaten kontra ez daukate ezer, bere iritzi politikoa bakarrik. Beñaten jarduna publikoa izan da denbora guztian: herrian, gaztetxean, ikasle sindikatuetan... denok ezagutzen dugu Beñaten ekarpena, horregatik eskandalua da XXI. mendean oraindik horrelako gauzengatik gure herritarrak zigortuak izatea” adierazi du.
Inkomunikatu eta torturatua izateko beldurragatik egin zuen ihes Lizeagak, hori azaldu dio Udal Gobernuari berak: “Gure kideak torturatu dituzte. Eta hemen gauden guztion izenak torturapean emandakoak dira”. Itxialdian dauden 8 gazteek hartu berri duten erabaki horrekin ihes egiteari utzi, eta errugabetasuna aldarrikatu nahi dute: ”Ez dugu klandestinitatean bizi nahi. Tortura edo klandestinitatea, ez du gure aukera bakarra izan behar, ez gaituztelako zerbait egin izanagatik bilatzen. Gure aurkako frogaren bat balute, uste duzu ordu txikietan etorriko zirela gure bila, eta inkomunikatu egingo gintuzketela? Ez daukate gure aurkako ezer, gure jardun politiko eta publikoarengatik bakarrik ari dira gure bila”.
Bizitza publikoa berreskuratuko dute, baina arduratuta jarraitzen du Lizeagak: “Normaltasunez bizi nahiko genuke baina ez da erraza Espainiara entregatu eta torturatuak izan gaitezkeelako, beldur horrekin bizitzea ez da erraza”. Etxanizen arabera, “orain familia lasaitu egin da, eta normala da, Beñat ondo dagoela ikusi dutelako. Baina oraindik zalantza asko dauzkate senide eta lagunek, Frantziako Estatuak azken urteetan erakutsi duen jokabideak ez duelako ezer onik itxaroteko tarterik uzten. Espainiar Estatuarekin kolaboratzen du”.
Itxialdia larunbatean bukatuko da, eta Kanbon (Lapurdi) egingo den kantaldiarekin amaituko da. Lizeagak eskerrak eman nahi izan ditu Zumaiako Udalak erakutsitako babesa eta azken egunotan herritarrek eskainitako elkartasunagatik.



