Beñat Lizeagaren giza eskubideak errespetatzeko exijitzen du Udal Gobernuak
Espainiako polizia indarren eskuetan gelditzean gerta daitekeenaz kezkatuta dago Udal Gobernua.
Beñat Lizeaga zumaiar gaztearen aurkako euroagindu eskaera onartu berri du Paueko Auzitegiak (Frantzia), eta hiru egunean helegiterik aurkezten ez badute, hamar eguneko epean Espainiako justiziaren esku geldituko da Lizeaga.
Zumaiako Udal Gobernuak, berriro deitoratu nahi ditu Lizeaga eta beste euskal gazteen kontrako Euroagindu eskaerak. Izpurako itxialdian eta atxilotu zuten unean agertu bezala, Udal Gobernuak elkartasuna eta babesa eman nahi die Lizeagatarrei eta beren ingurukoei. Babesa ematearekin bat, Udal Gobernuak bere kezka ere agertu nahi du Lizeaga eta beste gazteak Espainiako Poliziaren eskuetan uztean gerta daitekeenaz. Kezka horren aurrean, Udal Gobernuak Lizeaga eta beste gazteen giza eskubideak errespeta daitezela eskatu nahi dio Espainiako Estatuari. Inkomunikazio aldia ez ezartzeko, eta nazioarteko torturaren aurkako eta giza eskubideen aldeko erakundeek eskatutako altxilotu aldian ezarri beharreko neurriak betetzeko eskatzen du.



