Beñat Lizeagari elkartasuna adierazteko Udal Gobernuko ordezkaritza joan da gaur Paueko auzitegira

2011/03/08

Beñat Lizeaga zumaiar gazteak Paueko auzitegian (Frantzia) bista izan du bere kontra Espainiako Audientzia Nazionalak duen Euroagindua dela eta. Martxoaren 15ean emango du Paueko auzitegiak epaia.

 

Beñat Lizeaga zumaiar gaztearen Euroagindua gaur aztertu du Paueko Auzitegiak. Orain, epaileak informazioa jasota, martxoaren 15ean emango dute zazpi gazteen epaia. Otsailaren 24ko plenoan onartu zen mozioaren harira Zumaiako Udalaren ordezkaritza joan da gaur auzitegira Lizeagari babesa ematera.

Goizean eman dituzte Beñat Lizeaga eta beste sei gazteak Paueko auzitegira. Lizeaga Seyssesko kartzelan izan da atxilotu zutenetik. Gendarmeen furgonetatik epaitegira sartzen ikusi ditu gazteak Andoni Etxaniz Udal Gobernuko  kideak: “Auzitegiak alboan duen ate batetik sartu dituzte gazteak epaitegira. Autotik Beñat ateratzerakoan urduri jarri dira, eta nahiko zakar sartu dute epaitegira. Horren ondorioz, eskuburdinekin eskumuturra urratu du eta mina du”. Furgonetatik epaitegira sartzerakoan jasotako tratua Beñat Lizeagak berak ere salatu du epailearen aurrean.

Lizeagak jasotako tratua salatzeaz gain, gazteetako batek Euroaginduek prozedura salatu du. Eta gogorarazi du, torturapean egindako deklarazio batzuengatik dutela beraiek Euroagindu eskaera.

Zumaiako Udalak Lizeagari eta bere lagun eta senideei orain arte egin bezala, gaurkoan ere bere elkartasuna adierazi izan nahi dio. Horretaz gain, “Euroagindu eskaerak zentzugabekoak dira,  eta Zumaiako Udalak Euroagindu horien erabilpena salatu nahi du beste behin ere”, azaldu du Etxanizek.

Lizeagaren senitartekoek bista eta gero zumaiar gaztearekin 5 minutu egoteko aukera izan dute, eta “ondo” omen dago.

Babesa eta laguntza

Zumaiko Udalak otsailaren 24an egin zen plenoan onartu zen orduan Izpuran (Nafarroa Beherea) itxialdian ziren zortzi gazteen Euroagindu eskaeraren aurrean gazte horiei babesa eman eta Euroagindu eskaerak arbuiatu eta salatzea. Udal Gobernuaren  ordezkaritza itxialdian izan zen Beñat Lizeaga gaztearen egoera bertatik bertara ezagutu eta herritarrari babesa aurrez aurre adierazteko.