Benito Lertxundiren kontzertuan zumaiarrek izandako jarrera eta erantzun beroa eskertu dituzte Udalak eta Gure Bazterrak musika promotorak

2017/07/24

Ildo horretatik barkamena eskatzen diete guztiei ekitaldian zehar tabernako zaratak eragindako eragozpenengatik eta etorkizunera begira horiei konponbidea emateko aukerak aztertuko dituela adierazi du Udalak. Halaber, eskerrak eman dizkie ere Benito Lertxundi eta bere taldeari, baldintza horiek medio eskainitako kontzertu eta gau paregabeagatik.

Musika eta giro ona nagusitu ziren joan den larunbatean Aitzurin, zumaiar asko bildu baitziren bertan Benito Lertxundi eta bere taldearen kontzertuaz gozatzeko.

Ildo horretan, ekitaldi aparta eskaini zuen Lertxundik, kalitatezko musikarien laguntzarekin.  Kontzertuan zehar, ordea, pilotalekuko tabernaren zaratak hainbat soinu eragozpen sortu zituen, baina hala eta guztiz ere, zumaiarrek jarrera on eta positiboa mantendu zuten eta merezitako erantzun beroa eman zioten Lertxundiren emanaldiari.

Horren harira, Udalak eta Gure Bazterrak Lertxundiren musika promotorak eskerrak eman dizkie herritar guztiei eta bide batez barkamena eskatu dute ekitaldian sortutako eragozpenengatik. “Pilotalekuan egin den lehen kontzertua izan da Lertxundirena. Bertako azpiegiturak egokiak iruditu zitzaizkigun maila honetako kontzertu bat eskaintzeko, herrian edukiera handiena duen lekua baita, baina ez genuen uste, tabernak horrenbesteko eragina izango zuenik”, adierazi dute Udaletik. Ildo horretatik, etorkizunera begira larunbatean gertatutakoari konponbidea emateko aukerak aztertuko dituela ere azaldu du Udalak.

Halaber, eskerrak eman dizkie Benito Lertxundi eta gainerako musikari guztiei, baldintza horiek medio ekitaldi bikaina, kalitatezko musika eta giro ezin hobea eskaini zutelako.