Berdintasun Sailak bere aurrekontua du

2011/04/13

Berdintasun plana aurrera eramateko beharrezko pausoa eman zen azken udal plenoan.

 

Berdintasun plana aurrera eramateko pauso garrantzitsua izan zen azken plenoan onartu zen kreditu aldaketa. Udal plenoak hartutako neurri horren bitartez, Gazteria eta Berdintasun Sailak 205.000 euroko aurrekontua izango du 2011. urtean bere ekintza plana aurrera eramateko. Berdintasun teknikaria joan den irailetik ari da lanean, eta Udal Gobernuak aurtengorako aurkeztutako aurrekontuek sail horrek aurrekontu propioa izatea bermatzen zuten. Aurrekontuak onartu ez izanak, kreditu aldaketa hori egin beharra sortu du.

2011ko planen artean hiru erronka nagusi ditu Berdintasun Sailak: tratu txarrak jasaten dituzten pertsonekin jarraitu beharreko protokoloa zehaztea, ikastetxeetarako hezkuntza programa zehaztea eta Udal langileei genero  prestakuntza ematea. Hiru ardatz horietaz gain, orain artean bezala, prebentziorako eta sentsibilizaziorako ekimenak egiten ere jarraituko du.