Bertan behera gelditu dira turismo eta giza baliabideetako teknikarien oposizio lehiaketako gaurko azterketak

2010/02/23

IVAP erakundeak gaitegia aldatu zela kontuan hartu ez duelako erabaki du epai-mahaiak gaurko proba baliogabetzea. Azterketa berri batera deituko dira gaurko azterketan parte hartu duten guztiak.

 

Bertan behera gelditu dira turismo eta giza baliabideetako teknikarien oposizio lehiaketaren baitan gaur (otsailak 23, asteartea) egin diren azterketak. Azterketaren prestaketa IVAP, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen esku utzi ohi du Udalak eta erakunde horrek azterketa prestatzerakoan gaitegia aldatu zela ez du kontutan izan. Hori dela eta erabaki du epai-mahaiak gaurko proba baliogabetzea.

Hori horrela, azterketa berri batera deituko dira gaurko azterketan parte hartu duten guztiak. Ondorengo orduetan zehaztuko ditu tribunalak data eta ordu berriak eta zehaztu bezain pronto jakinaraziko dira Udalaren webgunearen bidez.

Udalak barkamenak eskatu nahi dizkie oposizio lehiaketara aurkeztu diren guztiei.