Bertsolari gazteen saioa izango da ostegunean
Gaur 'Bertsotan Jai' bideo emanaldia izango da Torreberri Gaztetxean, eta urtarrilaren 7an bertso afaria izango da. Bota bertso bat lehiaketan parte hartzeko epea urtarrilaren 2an bukatuko da.
Abenduaren 30ean bertsolari gazteen saioa izango da Aita Mari aretoan. Bertan, Alaia Martin, Ander Solozabal, Ane Labaka, Peio Ormazabal, Eneritz Zabaleta eta Manu Goiogana ariko dira bertsotan. Gai jartzaile lanetan, berriz, Markel Peñalba izango da. Saioa Aita Mari aretoan izango da 22:00etan.
Gaur, berriz, Bertsotan Jai bideo emanaldia izango da Torreberri Gaztetxean. Bertso Eskolak eta Baleike Kultur Elkarteak elkarlanean egindako Bertsotan jai 2010 bideoa ordu eta erdi ingurukoa da. 21:00etan elkartuko dira 9etan afari-merienda moduko bat jateko, eta 22:00ak aldera botako dute bideoa.
Urtarrilaren 7an, bertso afaria izango da Talaipe jatetxean. Bertan bi bertsolari ariko dira kantari: Jon Maia eta Amets Arzallus. Afari horretarako sarrerak, dagoeneko, salgai dira 20 euroren truke metro tabernan, Turismo bulegoan eta Talaipe jatetxean.
Bota bertso bat! lehiaketa abian
Orain dela hiru bat aste jarri zuen Zumaiako Bertso Eskolak BOTA BERTSO BAT! lehiaketa , eta martxan 7 lekutan daude kaxa gorriak "Noiz arte?" galderari bertsotan erantzuteko. Saria, afaria 2 lagunentzat Talaipe jatetxean, eta urtarrilaren 7an jakinarazi eta emango da saria. Bertso afarian tarte bat egingo da horretarako. Urtarrilaren 2ra artean lehiaketan parte aukera dago, eta, aurten, bertsoak posta elektroniko bidez ere bidal daitezke, zumaiakobe@gmail.com helbidera.



