Bi irteera antolatu ditu Ludotekak Aste Santuetako oporretarako

2018/03/13

Lehena apirilaren 3an izango da, LH 1-3 bitarteko haurrentzat Donostiako Kristina parkera eta bigarrena, aldiz, apirilaren 5ean LH 4-6 bitartekoentzat Txindokiko zuhaitz parkera. Interesdunek martxoaren 14tik 20ra arte izango dute izena emateko aukera ludotekan bertan.

Aste Santuko jai egunak iristear daude eta oporrak ahalik eta gehien gozatze aldera, Zumaiako ludotekak bi irteera antolatu ditu herriko haurrentzat.

Lehena apirilaren 3an egingo da Donostiako Kristina Enea parkera LH 1-3 bitarteko haurrekin. Irteera goizeko 09:30ean izango da tren geltokitik eta itzulera leku berera egingo da arratsaldeko 17:30ean. Irteera honen prezioa 6€koa izango da.

Bigarren irteera, aldiz, LH 4-6 bitarteko neska-mutilentzat antolatu du Txindokiko zuhaitz parkera eta hori apirilaren 5ean egingo da. Bertan, parkean ibiltzeko aukera izateaz gain, abilezia ginkana ere egingo dute. Aurreko kasuan bezala, irteera 09:30ean izango da, hau, ordea, ludotekatik eta itzulera 17:30ean leku berera. Irteeraren prezioa 12€koa izango da.

Plazak mugatuak direnez, interesdunek martxoaren 14tik 20ra arte izango dute izena emateko aukera ludotekan bertan. Ondoren zozketa egingo da guztien artean eta ludotekako atean jarriko da irteerara joateko lekua duten haurren zerrenda.

Informazio gehiagorako idatzi ludoteka@zumaia.eus helbidera edo deitu 943 14 32 64 telefonora.