Bideo jokoak: onak edo txarrak dira gure seme-alabentzako?
Zumaiako Ludotekak antolatuta, bideojokoei buruzko hitzaldia eskainiko dute asteartean Forondan. Ildo beretik, ostegunean jostailuen inguruko hitzaldia izango da eta hurrengo asteburuan, berriz, jostailu erakusketa Ludotekan bertan.
Gure seme-alabentzako onak edo txarrak dira bideojokoak? Eztabaida hori landuko da datorren astean Zumaiako Ludotekan. Gurasoei bideo-jokoen inguruan dauden gako nagusiak azalduko zaizkie eta baita joko ludiko zein hezitzaileen eskaintza ere. Asteartean izango da hitzaldia Forondan, 18:00etan hasita eta Danel Solabarrieta Psikopedadgogoak eskainiko du.
Zumaiako Ludoteka Zerbitzuak antolatu du hitzaldia eta bideo jokoen mundura hurbilduko ditu gurasoak. Izan ere, azken urteotan bideo-jokoen mundua gurasoentzat kezka-iturri bilakatu da eta astearteko saioan plataforma egokiak erakutsiko dira, lantzen dituzten baloreak aztertuko dira (biolentzia, sexua...) eta horiek seme-alaben hezkuntzan duten eragina baloratuko da.
Ildo beretik, bideo jokoen alderdi onak eta txarrak ezagutaraziko dira, baita bideojoko bat nola aukeratu eta gero, nola erabili ere erakutsiko da. Hitzaldi honek hainbat hutsune betetzea du helburu; gurasoei bideo-jokoen inguruan dauden gako nagusiak azaltzea batetik, eta bestetik, euskaraz bideo-jokoen merkatuan dauden aukerak aurkeztzea, joko ludiko zein hezitzaileak erakutsiz.
‘Nola aukeratu jostailua’ hitzaldia
Ostegunean, berriz, beste hitzaldi bat eskainiko da Ludotekan eta jostailua nola aukeratu erakutsiko da. Txatxilipurdi aisialdi taldeak eskainiko du hitzaldia eta euren hitzetan, "gabon garaian, jostailuen inguruko gehiegizko publizitateak txunditu egiten ditu haurrak. Dena dute gustuko, eta gurasoak, opari aproposa egin nahian, zoratu egiten gara. Horiei laguntza emateko asmoarekin prestatu dugu jostailuen gaineko solasaldi hau". Orokorrean, jostailu bat erosterakoan jarraitu beharreko pausoak, edo eta kontuan hartu beharreko irizpideak aipatuko dituzten osteguneko saioan. Guraso eta hezitzaileei zuzenduta dago hitzaldia eta ostegunean, azaroak 26, 18:00etan izango da Forondan.
Asteburuan jostailuen erakusketa
Hitzaldiez gain, jostailu erakusketa egingo dute asteburuan Ludotekan. 100 jostailu inguru izango dira, adinaren eta motaren arabera sailkatuta. Euskal ekoizleen produktu guztiak jarriko dituzte ikusgai eta jolasaren eta jostailuen alderdi pedagogoak azalduko dituzte. Bi hezitzaileen laguntzaz, jostailuak ikusteaz gain, probatu eta beharrezko informazio guztia emango dela gaineratu dute antolatzaileek.
Ludotekako arduradunek azaldu dutenez, Forondan egingo diren bi hitzaldiek irauten duten bitartean, haurrak Ludotekan uzteko aukera izango dute gurasoek, nahiz bazkide izan ala ez izan.



