Bigarren Berdintasun Plana osatzeari ekingo dio Zumaiako Udalak
Bigarren berdintasun planaren oinarria herritarra izan behar da, horrela izango baita eraginkorra
2009 urtean hasitako bideari jarraitu eta bide horretan sakondu nahi du Zumaiako Udalak. Urte horretatik, arlo ezberdinetan parekidetasuna lantzen ari da herri parekidea osatzeko helburuarekin. 2009ko azaroan ekin zitzaion, lehen aldiz, berdintasun diagnosia egiteari. Diagnosi hartako datuetatik abiatuta osatu zen 2010etik gaur arte indarrean den I. Berdintasun Plana. Baina lehengo plan hura berritu, eta herriaren beharretara eta jendartea egokitzeko ordua ere iritsi da.
II. Berdintasun plana osatzeko lanean hasiko da Udala, baina argi du, planak herriarena behar duela izan. Arazoa estrukturala da; hau da, jendartean egunero-egunero, esparru guztietan aurkitzen dugun zapalkuntza da, sistema patriarkal kapitalistak eragiten duena. Horregatik, herria enpoderatu behar da, honela, herritarrek zapalkuntza estruktural horri aurre egin diezaioten. Norbanakoengan eraginez, norbanakoz osatutako eragileen eta herriaren enpoderamentua lortuz, jendarte parekidea osatzea da helburua.
Plana osatzeko prozesua, apirilean hasiko da, eta lehen zeregina orain arteko planaren ebaluaketa egin, eta ondorioak ateratzea izango da. Planaren edukiak lantzeaz gain, egiturak berraztertu eta indartzeko asmoa ere badugu. Ondoren, bigarren planeko helburuak eta bitartekoak zeintzuk izango diren zehazteko.
Osatzen den plan berri horrek, 2015-2018 epealdian bete beharreko plangintza, lan ildoak eta helburuak zehaztuko ditu.
Guztiok batera
Prozesuan, zortzi bilera egingo dira, horietako lau herritar orori irekiak. Bi zati izango ditu prozesuak, lehen zatian aurreko planaren ebaluazioa egingo da, eta bigarren zatian hurrengo plana diseinatzeari ekingo diogu.
Lehen zati horretako bileretan orain arte egindako ibilbidearen inguruan hausnartzea eta eztabaidatzea izango da helburua. Horretarako bi ordu inguruko bilerak izango dira. Bilera horietan dinamika ezberdinak egingo dira. Herritarrekin eta eragileekin lehen bilera, apirilaren 1ean, 18:30ean, Alondegian izango da.
Eragile eta herritarrek bilera horietan parte hartzeaz gain, Berdintasun planaren eta sailaren inguruko iritzia emateko beste aukera edo modu bat ere jarri nahi du Udalak. Horretarako inkesta bat prestatu du. Eragileei prozesuan parte hartzeko gonbidapenarekin batera, zuzenean bidaliko zaie bete beharreko inkesta. Inkesta horien bidez, informazio gehiago jaso nahi du Udalak. Beraz, oso garrantzitsua da bete eta udalari itzultzea. Inkesta horiek norbanakoek ere bete ahalko dituzte horretarako postontziak jarriko dira Alondegian, udaletxean eta kiroldegian.



