Bigarren eskuko azokan parte hartzeko izen emate epea abenduaren 26tik urtarrilaren 15era izango da
Azoka urtarrilaren 17 eta 18an egingo da Alondegian. Saltzaileak salmentaren %100a jasoko dute.
2015eko urtarrilaren 17 eta 18an Bigarren Eskuko Azoka ospatuko da Zumaian, Alondegian hain zuzen. Dagoeneko 6. edizioa izango da eta produktuak saldu nahi dituztenek, Algorri Zentroan eskaera egiteko aukera izango dute, abenduaren 26tik urtarrilaren 15a arte. Saltzaileak, salmentaren %100a jasoko du. Elkarteek ere beraien postua jartzeko aukera izango dute.
Gizartean hedaturiko hainbat eta hainbat ohiturek Lurra planetaren baliabideen gehiegizko ustiapenarekin zerikusi zuzena dute. Horien artean, kontsumoa bereziki azpimarragarria da. Hala, gizarte iraunkorragoa lortzeko bidean, kontsumo jasangarriaren aldeko apustua egitea ezinbestekoa gertatzen da. Gainera, bizi dugun krisi ekonomikok ere, bestelako erosketa-ohituretan sakontzeko aukera bikaina eskaintzen du. Ondorioz, 2009. urtean ekindako bideari jarraiki, Algorri Zentroak bigarren eskuko azoka antolatuko du, Zumaiako Udalaren ekimenez.
Etxean duenari probetxua atera nahi dionak aukera bikaina du 2. eskuko azoka horretan. Izan ere, produktu bakoitzaren prezioa jabeak berak ezarriko du, eta salduz gero, irabazien %100a jasoko du. Salgai jarri ahal izango diren produktuak oso anitzak dira: ikus-entzunezkoak, liburuak, pelikulak, CDak, osagarriak, gerrikoak, lepokoak, zapiak, apaingarriak, bazarra, jostailuak, tamaina txikiko tresna elektrikoak... Arropa eta telefono mugikorrak, ordea, ez dira onartuko eta tamaina handiko gauzak argazki bidez aurkeztuko dira azokan bertan, horretarako prestatuko den panel baten bitartez.
Interesaturiko elkarte edota partikularrentzako informazio gehiago: Algorri Interpretazio Zentroa, 943143100, info@algorri.eu.
Zehaztasunak
AZOKA NOIZ: 2015eko Urtarrilak 17 eta 18, larunbata eta igandea
10:00-14:00 eta 16:00-19:00
AZOKA NON: Zumaiako Alondegian
PRODUKTUAK SALGAI JARTZEKO MODUA: Algorri Zentrora eramanda, abenduaren 26tik urtarrilaren 15a arte (ostegun, ostiral, larunbata eta igandean).



