Bigarren eskuko azokan saldu ez ziren produktuak jasotzeko epea bukatzear da

2010/11/23

Azaroaren 28a bitartean Algorri Zentroan jaso daitezke produktuak, eta saldutako produktuen dirua.

 

Urriaren 23an Zumaiako Udalak bultzatutako 'Zumaian eskuz esku!' bigarren eskuko azoka ospatu zen Eusebio Gurrutxagan plazan. Urriaren 28tik aurrera, produktuen jabeek Algorri Zentrora gerturatu eta saldutakoen dirua jasotzen ari dira. Era berean, saldu gabeko produktuekin zer egin erabakitzeko aukera dute, hau da, produktuak bueltan etxera eraman ditzakete edota dohaintzan eman. Oraindik ere Algorri zentroan saldu ez diren produktu batzuk geratzen dira jasotzeko. Produktu horiek jasotzeko epea azaroaren 28ra arte luzatuko da. Gainontzean,  jaso ez diren produktuak dohaintzan jarriko dira.

Herritarrek dohaintzan emandako produktuak beharra duten familien artean banatuko dira, Zumaiako Gizarte Zerbitzuen Departamentuarekin elkarlanaean. Soberakinak, berriz,  Emaus fundazioaren laguntzarekin bideratuko dira.

Antolakuntza oso pozik dago ekintzak izan duen harrera eta partehartzearekin, eta eskerrik beroenak eman nahi ditu azokan parte hartu duten herritarrei, ohiturak aldatuz kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egin dutelako.

Ekintza honi esker salgai jarritako 2.300 produktuen herena, hau da, 700 produktu baino gehiago eskuz aldatu ziren. Era honetan, produktuen berrerabilpena indartu eta baliabideen xahuketa eta hondakinen pilaketa saihestea bultzatu zen.