Bihar, 19:00etan banatuko dira aurtengo Julene Azpeitia lehiaketako sariak
Aurten saridunen artean bi zumaiar daude, Zumaiako onenaren sariaz gain, bigarren saria ere zumaiar batek irabazi baitu. Bihar, 19:00etatik aurrera izango da ekitaldia Alondegian.
Abenduaren erdialdera bildu zen epaimahaia lehiaketa erabakitzeko. Bertan izan ziren, Ana Urkiza, Yolanda Arrieta eta Imanol Azkue, Udaleko euskara teknikariak idazkari lanak egin zituen botorik gabe. Epaimahaiko kideen esanetan aurten aurkeztutako lanek maila ona erakutsi dute eta batetik bestera, ez da egon hainbesteko alderik, lanen kalitatea oso homogeneoa izan da. Jakina denez, lanak irakurtzerakoan autorea zein den jakiten ez duten arren, irakurritako lanetan idazleen gaztetasuna sumatu dute, eta hori benetan positiboa eta pozgarria dela baloratu dute. Aurkeztutako hogeita lau lanetatik lau zumaiarrak izatea ere oso ongi baloratzen dute.
Euskal Herri guztitik aurkeztu diren lanean artean, onenak ondorengo hauek direla erabaki dute epaimahaia osatu duten idazleek:
1. saria. Yoseba Peñarentzat izan da Pantera elurretan bezala ipuinari esker eskuratu du. Ipuinik onena izan da, patriarkaren erorketa tarteko familiaren erradiografia ondo eraikia erakusten du ondo egituratua eta ondo bukatua. Gaur eguneko arazoei erantzuna ematen die, gaur eguneko estilo berrian idatzia dago eta metaforen erabilera ere azpimarratzekoa da epaimahaiaren iritzian.
2. saria. Jon Joseba Aizpurua zumaiarrak irabazi du aurten Lasturko arima galdua ipuinarekin. Jon Josebak behin baino gehiagotan irabazi du Zumaiako onenaren saria; aurten, ordea, bere ipuina onenen artean dagoela iritzi dio epaimahaiak egunerokotasuna eta gertutasuna fikziora eramateko izan duen abildadeagatik. Ipuinak suspensea ondo mantentzen du, ondo idatzia dago, korapilo asko ditu baina guztiak ondo lotuta daude, eta erritmo bizia erakusten du.
Zumaiar onenaren saria. Asier Arakistaini eman dio epaimahaiak Txalupa zaharra, ur egarri izeneko ipuinarengatik. Irakurlea berehala identifikatzen da ipuin honetako pertsonaiekin, ondo egituratutako ipuina da, trama errazekoa eta espero gabeko bukaera duena.
Sariak banatzeko ekitaldia abenduaren 1ean izango da, arratsaldeko 19:00etan Alondegian. Ekitaldiaren baitan Koldo Amestoy kontalariak “Biderditan” kontakizuna eskainiko du.



