Bihar, abenduak 18, hasiko dira Juan Belmonteko magala egonkortzeko lanak

2014/12/17

Otsaila bukaera arte luzatuko dira obrak

Bihar, abenduak 18, hasiko dira martxoan luizia izan zen Juan Belmonte kaleko magala egonkontzeko lanak. Martxoaren  7an, goizaldean, luizia izan zen 49. eta 51. etxeatarien atzeko magalean eta bi portal horietako segurtasuna bermatu asmoz behin-behineko eta emergentziazko lanak eginez eman zitzaion irtenbidea arazoari.

Zumaiako Udalak magala egonkortzeko proiektua eskatu zion Ikerlur enpresari eta magal horren egonkortasuna eta inguruko etxeetako segurtasuna bermatzeko proiektua eginda dago, eta obrak hasteko tramiteak egiten aritu da Udala.

Azken asteotan magalaren egoerak okerrera egin du, eta hori dela eta Udalak  azken egunotan gune horren inguruan segurtasun neurriak indartu ditu. Eta bihar, goizeko lehen orduan ekingo dio Tesinsa enpresak magala egonkortzeko obrari.

 Lanak otsailaren bukaera arte luzatzea aurreikusten da, beti ere eguraldiak laguntzen badu. Obrak irauten duten bitartean goiko etxeetarako bidea itxita izango da.