Bihar amaituko da 'Karrikan kalean' udaleku irekietan apuntatzeko epea

2010/06/22

Gazteguneak herriko gazteentzako udaleku irekiak antolatu ditu eta gaffitia, hip hop eta funky lantegiak, antzerki tailerra, sukaldaritza, Break Dance eta argazkilaritzaren inguruko ikastaroek osatuko dute programazioa.

 

Zumaiako Udaleko Gazteria sailak eta Gazteguneak, estreinakoz, 12-16 urte bitarteko gazteentzako udaleku irekiak antolatu ditu. ‘Karrikan kalean’ izenburuarekin eskainiko dute egitasmoa eta uztailaren 5etik 16ra bitartean egingo da. Artekin elkarteak gidatuko du programa eta lantegiak Gaztegunean eskainiko dira, 9:30etik 13:30erako ordutegian.

Honako lantegiek osatuko dute programa:

- Graffiti lantegia, Xabier Anunzibairen eskutik: Gazteak hiri-artearen mundura hurbiltzea, hainbat alderdi aintzat hartuta: teknika, estiloen garapena, 3Drako teknikak, argiak, ilunak, bolumena, etab.
- Hip Hop / Funky lantegia, Raquel Koroma eta Amaia Bernalek gidatuta: Hiriko dantza eta kulturarekiko pasioa txertatzea eta besteekiko adierazpide gisa erabiltzea.
- Antzerki/ Clown ikastaroa, Eneritz Artetxeren eskutik: Adierazkortasun emozionala, irudimena, prestaketa fisikoa eta gorputz-espresioa lantzeko, betiere arakatzeko tresna diren aldetik.
- Sukaldaritza lantegia, Andoni Txintxillak gidatuta: Eguneroko zereginetan moldatzen ikastea: elikagaiak erostea, prestatzea, etab
- Break Dance lantegia, Ander Goos irakaslearekin: Hiri-mugimendu artistikoak ezagutzeko aukera ematen duen bestelako kirol-jarduera: akrobaziak, malgutasuna, etab.
- Argazkilaritza lantegia, Luís Aguasek gidatuta: Kamera digitalari eta argazkien edizio eta mozketari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko behar diren jakintzak ematen ditu, zure argazki artistiko propioak egin ditzazun.

Matrikulaziorako azkeneko egunak

Matrikula 80 euro kostako da eta interesatuek bihar (ekainak 23, asteazkena) arteko epea dute izena emateko. Horretarako, Foronda Kultur Etxera joan edota deitu beharko da: 943861056.