Bihar arte eman dezakete izena igandeko kalejiran buruhandi bezala parte hartu nahi duten gaztetxoek
12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoak behar dira ibilbidean parte hartzeko. Santelmoetako lehenengo igandean izango da kalejira, hilaren 12an, 17:00etan.
Urtero legez, buruhandiek eta erraldoiek kalejira egingo dute santelmoetan, lehen igandean. Buruhandi bezala kalejiran ateratzeko 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoak behar direla iragarri du Kultura Sailak; bihar arte (apirilak 9) izango dute izena emateko aukera. Bi modu daude izena emateko: 943-86 10 56 zenbakira deituta edo mezua bidalita alondegia@zumaia.eus helbide elektronikora.
Buruhandiak baino izen emate gehiago egotekotan, zozketa egingo lukete. Parte hartzaile bakoitzari Gertu merkatari elkartearen bonua emango die Kultura Sailak, herriko saltokietan erabiltzeko. Kalejira prestatzeko, 17:00etan elkartuko dira igandean, udaletxean.



