Bihar (asteartea) zabalduko da euskara ikasteko dirulaguntzak eskatzeko epea

2009/08/31

Zumaiako Udalak ohiko ikastaroak, ikastaro trinkoak edo barnetegietakoak laguntzen ditu diruz, aurrez aurrekoak nahiz autoikaskuntza eta internet bidezkoak. Udako ikastaro eta barnetegietako diru-laguntzei dagokion epea izango da bihar irekiko dena eta urriaren 15a izango da eskariak aurkezteko azkeneko eguna.

 

Bihar (irailak 1, asteartea) irekiko da euskara ikasteko udako ikastaro eta barnetegietako diru-laguntzak eskatzeko epea.  Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak urtero egiten dute deialdia eta ekimenak euskaraz ez dakiten herritarrak euskara ikastera animatu nahi ditu.

Ohiko ikastaroak, ikastaro trinkoak edo barnetegietakoak lagunduko dira diruz, aurrez aurrekoak nahiz autoikaskuntza eta internet bidezkoak. Diru-laguntzak jasotzeko, ordea, bi baldintza egiaztatu beharko dira: batetik, Zumaian erroldatuta egotea, eta, bestetik, %80ko asistentzia edo aprobetxamendua egiaztatzea, gutxienez.

Urriaren 15a azkeneko eguna

Eskariak aurkezteko epea luzatu egin du Euskara Zerbitzuak. Horrela, ikastaroa irailean amaitzen dutenek ere aukera izango dute diru-laguntza eskatzeko. Urriaren 15a izango da eskariak aurkezteko azkeneko eguna.

Interesatuek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte eskaria egiterakoan: eskabidea (beste dirulaguntzen aitorpenarekin), Nortasun Agiriaren kopia, matrikularen agiria, euskaltegiaren ziurtagiria (maila, datak, ordu kopurua, asistentzia…), eta egoera bereziak egiaztatzeko agiriak (langabezia-txartela edo gizarte zerbitzuen txostena).

Euskara ikasteko diru-laguntzen oinarriak dokumentu honetan dauzkazu edo informazio gehiagorako begiratu Euskara Zerbitzuaren orrialdean.