Bihar (asteazkena) egingo da Berdintasun Plana osatzeko hirugarren lan-taldea

2009/10/27

Hirigintza, Ingurumena eta Garraioa izango dira hizpide eta arlo horietan identifikatu diren beharrizanak aztertu eta horiei irtenbidea emateko proposamenak landu eta jasoko dira.

 

Zumaiako Emakume eta Gizonen Berdintasun Diagnosiari, Berdintasun Planak emango dio jarraipena orain. Desberdintasunak eta beharrizanak identifikatu ostean, horiek gainditzeko plana garatzea izango da planaren helburua. Horretara bidean, lantaldeak osatu nahi ditu Udalak, esparruz esparru ekintza desberdinak zehaztu ahal izateko.

Hala, bihar (urriak 28, asteazkena) egingo da hirugarren bilera eta Hirigintza, Ingurumena eta Garraioa izango dira hizpide. 19:00etan, Brankan izango dute interesatuek hitzordua.


Hausnarketarako bidea

Saio honetan , ondorengo galderen inguruko hausnarketa landuko da:

-    Nolako ekimenak bultzatu daitezke emakume talde batzuek (emakume etorkinak, guraso bakarreko familiak…)  etxebizitza lortzea errazago izan dezaten?

-    Nola bermatu daiteke, esparru publiko  sinbolikoan  ( eskulturak, kale izendegian), emakume eta gizonek presentzia orekatua izatea?

-    Zer egin daiteke udalerrian dauden puntu beltzak desagertarazteko?

-    Nola sartu daiteke genero ikuspegia antolaketa urbanistikoan?

-    Nola bultzatu daiteke parte-hartzean oinarritutako prozesuetan (Agenda 21…) emakume eta gizonen partaidetza orekatua?

Berdintasunaren inguruan denok daukagulako zer esana, benetan garrantzitsua da zuen partaidetza; horregatik, lan taldeetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu.

Uztailean aurkeztu zuten Berdintasun Diagnostikoa hemen kontsultatu dezakezu.