Bihar, abenduak 1, aurrekontu parte hartzaileen prozesuko bilera izango da
Urritik du Udalak abian aurrekontu parte harzaileen prozesua.
Zumaiako Udalak martxan duen 2011 urterako aurrekontuak lantzeko herritarren parte hartzeko prozesua aurrera doa. Urrian jarri zen martxan eta bide onetik doa prozesua. Auzotarrek egin zuten lehen bilera, ondoren eragileek egin zuten. Orain arteko azken bilera, azaroaren 17an egin zen, eta bertan parte hartzaile guztiek Udaleko tekniko eta politikoekin beren proposamenetaz hitz egiteko aukera izan zuten.
Herritarrek aurrekontuetan parte hartzeko prozesuak aurrera segitzen du, eta hurrengo bilera, bihar (abenduak 1) izango da, 19:00etan udaletxean.
Sare sozialak martxan
Aurten, lehen aldiz, sare sozialak erabiltzen ari da Udala prozesuan zehar. Gazteenen parte-hartzea sustatu nahi da horrekin; eta, hala, facebook-en prozesuaren inguruko perfila sortua du. Horrekin batera, aurten ere Udalaren webgunearen bidez ekarpenak egin edota informazioa kontsultatzeko aukera eskaintzen da. Atala kontsultatzeko sakatu hemen.



