Bihar hasiko da pintxo-potearen bigarren denboraldia
Lehenengo denboraldia martxoaren 29an amaitu zen, eta hilabete ondoren, maiatzaren 3an bigarren pintxo-pote denboraldia hasiko da. Kasu honetan, Zumaiako hamasei establezimenduk hartuko dute parte.
Maiatzaren 3tik uztailaren 19ra bitartean, ostegunero, arratsaldeko seietatik aurrera, pintxo bat eta edari bat (kriantza, zuritoa, muztioa edo ura) dastatu ahal izango da 1,5 euroren trukean. Urteko lehen denboraldian hamairu izan ziren parte hartu zuten edaritegiak (Ganbara, Gure Txokoa, Itxaso, Itzurun, Kalari, Kantauri, Kresala, Marina Berri, Metro, Tximista, Zalla, Beheko Plaza eta Kaia), baina bigarren denboraldi honetarako, beste hiru gehitu dira: Ilargi, Trapaia eta Telmo.
Lehenengo denboraldian bezala, oraingoan ere edaritegi bakoitzean txartelak zigilatzeko sistemarekin jarraituko dugu. Horrela, pertsona bakoitzak bere txartela izango du, eta edaritegi bakoitzean zigilatu beharko du, gero, hiru hilekoaren amaieran Zumaiako Turismo Bulegoan aurkeztu eta zozketan parte hartu ahal izateko. Saria, Zumartian elkarteko establezimenduetan gastatzeko 300 euroko txeke bat izango da. Lehen denboraldiko zozketako irabazlea Aiora Etxeberria izan zen.
Ekimen honen sustatzaileek, aurreko txandetan bezalako parte hartzea izatea espero dute, horrela guztiek udaberriko ostegun iluntze paregabeak bizitzeko aukera izateko.



