Bihar hasiko dira San Jose auzoko igogailua eraikitzeko lanak

2018/10/04

Igogailua San Juan egoitzaren magaleraino helduko da, 4 geldiunez, bi pasabidez eta elkargunerako espazio batez osatuta egongo da eta helburu izango du auzoko irisgarritasuna eta bertakoen mugikortasuna erraztu eta hobetzea. Eraikitze lanek 7 hilabete inguru iraungo dute eta horretarako, guztira 1.244.288€ bideratu ditu Udalak.

Dagoeneko jada guztia prest dago San Jose auzoko igogailuaren lanei hasiera emateko eta hain zuzen bihar hasiko dira aipatu igogailua eraikitzeko lanak.

Proiektuaren helburu nagusia da bertako irisgarritasuna hobetu eta auzotarren mugikortasuna erraztea. Izan ere, igogailuaren proiektua, San Jose auzoak irisgarritasuna hobetzeko duen 11 puntuko Plan Bereziaren ekintza nagusi edota garrantzitsuena da eta erantzuna ematen dio bertako bizilagunen eskaera zein beharrei.

Ildo horretan, lanek auzoan eragingo duten aldaketa kontuan hartuta eta bertako bizilagunak proiektu horren lekuko zuzen eta nagusienak izango direla jakinik, Udalak bilera ireki bat egin zuen asteazkenean auzotarrekin lanen inguruko xehetasunak azaldu eta horiek eragingo dituzten trafiko aldaketen inguruko informazio osoa emateko.

Gaurkoan, informazio hori bera herritar orori helarazi nahi izan dio Udalak.  

“Basoko argigunean”

Igogailuaren prozesuak luze jo du: lehenik eta behin, 2016ko abenduan, 271.797,70€ bideratu zituen Udalak hori jarri ahal izateko lursaila erosteko eta ondoren proiektua diseinatu eta aukeratzeko ideia lehiaketa irekia egin zuen.

Lehiaketa horren baitan, epaimahai bitartez eta herritarren botoak kontuan hartuta, Vaumm arkitektura eta hirigintza enpresak aurkeztutako Basoko argigunean diseinua izan zen proposamen irabazlea. 2017an zehar proiektua idatzi zen eta behin hori onartu eta esleituta, Altuna y Uria S.A. enpresa izango da proiektua aurrera eramatearen arduraduna.

Lanek 7 hilabete inguru iraungo dute eta guztira, 1.244.288€ bideratu ditu Udalak igogailua errealitate izateko.

“Basoko argigunean” deituriko diseinuaren baitan, igogailu berriak 4 geldiune izango ditu:

  • Eusebio Gurrutxaga plaza ingurua
  • San Jose kalearen behealdeko eremua
  • San Jose kalearen goialdeko eremua
  • San Juan egoitzaren eremua

Azken bi geldiune horietan, pasabide bana jarriko da igogailuaren geldiunea auzoarekin konektatzeko.

San Jose kaleko goialdeko eremuaren kasuan, gainera, bi altuerako plaza edota terraza moduko bat eraikiko da, gaur egun hiri ortua dagoen lekuan, alegia. Eremu hori behealdeko eremuarekin, hau da, 2. geldiunearekin, konektatuta egongo da eskailera baten bitartez. Bertan, topagune edota elkargunerako espazio bat sortzea da helburua.

Horri lotuta eta topagune berri horren eraikuntzak eskainitako espazioa aprobetxatzeko, azpian hainbat aparkaleku berri sortuko dira.

Azken geldiunea, halaber, San Jose egoitzaren magaleraino helduko da. Aipatu eraikinaren kokalekua eremu aldapatsua da, horrenbestez, geldiune horren helburua da bertako erabiltzaile zein langileen eskaerari erantzuna emanez, egoitzaraino irisgarritasuna erraztu eta bermatzea.

Horretarako, igogailuaren 4. eta azken geldiunea San Juan egoitzako arrapalarekin elkartuko duen pasarela bat eraikiko da, modu horretara, erabiltzaile zein langileek gaur egun dauden aldapa eta eskailera maldatsuak saihestu ahal ditzaten, haien zein eremuaren irisgarritasuna nabarmen hobetuz.

Trafiko aldaketak

Igogailuaren kokalekua herriko erdigunea izanik, eraikuntza lanek hainbat trafiko aldaketa eragingo ditu, bereziki San Jose auzoari dagokionean.

Horri lotuta, aldez aurretik trafiko eten zein aldaketek  bizilagunen egunerokotasunean sor ditzakeen eragozpenengatik barkamena eskatu nahi izan du Udalak, eta horiek igogailua eraiki ahal izateko beharrezkoak direla gogorarazi du.

Horiek horrela, ostiraletik aurrera, gaur egun hiri ortua dagoen eremu aurreko aparkalekuak kendu egingo dira eta horrez gain, San Jose kalea itxi egingo da 18-22 atarien bitartean.

Edozein kasutan, lanek aurrera egin ahala, Udalak sortuko diren aldaketen berri ematen jarraituko duela adierazi du.