Bihar irekiko da gaztegunea, asmo berriekin
Bihar, hilak 21, 17:00etan irekiko da Zumaiako gaztegunea, eraberrituta. Udalak 12-17 urte bitarteko gazte guztiak animatu nahi ditu zerbitzu horretan parte hartzera.
Bihar, irailak 21, irekiko da Zumaiako gaztegune eraberritua. Ekainetik itxita izan da, baina orain indarberrituta eta asmo berri ugarirekin irekiko ditu ateak. Bihar, 17:00etan emango zaio aro berri honi hasiera, eta Zumaiako Udalak 12-17 urte bitarteko gazte guztiak gonbidatu eta animatu nahi ditu gaztelekua ezagutu eta bertako ekintzetan parte hartzera. Irekiera horretan bertan hezitzaile berriak ezagutzeko aukera izango dute bertara joaten direnek.
Zerbitzua eraberritzeak zenbait aldaketa ekarriko ditu gaztegunean. Besteak beste, hemendik aurrera, hiru ardatz nagusi izango ditu gazteen txoko horrek; euskara, berdintasuna eta integrazioa, hain zuzen ere. Hiru ardatz horien inguruan sakontzeko ekintza eta ekimen ezberdinak egingo dituzte.
Horrekin batera, gaztegunean hainbat txoko desberdin berri ere izango ditu hemendik aurrera. Hala nola, musika txokoa, prentsa txokoa, eskulanetarako txokoa eta telebista txokoa izango ditu.
Gaztegunearen ordutegia, berriz, honakoa izango da: asteazken eta ostiraletan 17:00etatik 20:00etara. Larunbatetan, aldiz, 16:30etatik 21:00etara.
Gurasoentzat bilera
Datorren asteartean, hilak 27, 18:00etan gurasoen bilera egingo da gaztelekuan. Bilera horren bidez, gurasoei bertan egingo denaren berri emateaz gain, hezitzaileak ezagutzeko eta beren seme-alabak non ibiltzen diren ikusteko aukera izango dute.



