Bihar argitaratuko dira frontoia egiteko baldintza pleguak

2011/03/28

Udalak eta esleipendunak kontratua sinatu ostean, 18 hilabete beharko dira frontoia egiteko.

 

Zumaiak gero eta gertuago du horrenbeste aldiz eskatutako frontoia. Hainbat arazo, eztabaida eta iritzi trukaketaren ondoren, azkenean, bihar irtengo dira frontoia egiteko obrak lehiaketara.

Behin lehiaketa epea bukatzen denean, eta aurkeztutako proposamen guztiak aztertu eta baloratu ondoren, Udal plenoak erabaki beharko du obra horietarako zein eskaintza izango den esleipenduna; eskaintzak aztertu ondoren egingo dira txosten teknikoak horren arabera. Udal Gobernuak maiatzeko plenora eraman nahi du gai hori bertan aztertu eta erabakia hartzeko. Behin hori erabakita, eta obrak nork egingo dituen jakinda, lanak hastea bakarrik faltako da. Dena ondo bidean, Udalak eta esleipendunak kontratua sinatu ostean, 18 hilabeteko epea dute frontoia egiteko lanek.

Etxe tasatuak ere bai
Frontoia egitearekin bat, gainera, Zumaiako Udalak etxebizitza tasatuak eta babes ofizialekoak egitea ahalbidetuko du. Ardantzabiden babes ofizialeko sei etxebizitza eta hogeitahamabi etxebizitza tasatu munizipal egingo dira, lehen etxebizitza libreak egiteko asmoa zen lekuan. “Beraz, Zumaiak laster frontoia izateaz gain, babestutako etxebizitza gehiago ere izango ditu. Udal Gobernu honen asmoa beti izan da babestutako etxebizitzak herriko eremu guztietara zabaltzea”, azaltzen du Andoni Etxaniz Zumaiako Udalaren Hirigintza Batzordeburuak.