Bihartik igandera bitartean Gabonetako azoka izango da Amaiako plazan
Otarraren prezio zehatza ekimenaren irabazlea Maitane Mancisidor izan da, eta otarraren prezio zehatza 4.842,85 zen.
Hilaren 10ean arratsaldeko 18:00etan hasi eta hilaren 12ra arte, Gabonetako azoka antolatu du Udalak Amaiako plazan. Azoka honen helburua jendearen topaleku izatea da, publikoa eroso sentitu dadila, haurrek goza dezatela, adin guztietako pertsonek festan eta artisauek irakatsiko dituzten tailerretan parte hartu dezatela; argi eta kolore artean pozak eta zoriontasunak blaitu gaitzatela. Azokaren hasiera ekitaldian, 'Otarraren prezio zehatza' ekimeneko sari banaketa egingo da, Zumaiako merkatari eta Ostalaritza elkarteak antolatu zuen hori, eta otarra ikusgai egon da azaroan Caja Rural-eko erakusleihoan. Otarraren prezio zehatza 4.842,85€-koa zen eta zenbaki hau asmatu duen pertsona Maitane Mancisidor izan da, Ipotxak dendan.
Azoka mota guztietako 40 bat postuk osatuko dute: dekorazioa, produktu tipikoak, opariak... eta lehen aldiz Zumaian, merkatari eta ostalaritza elkarteko kide guztiek azokan parte hartzeko aukera izan dute. Honako hauek izango dira partehartzaile zumaiarrak: Ardantzabide altzariak, Axier kirolak, Marisa oinetakoak, Oskarbi kirolak eta Rubio margoak.
Egun horretan bertan piztuko dira gabonetako argiak eta jaien amaiera arte apainduko dituzte gure kaleak. Aurten ere, LED sistema erabiliko da elektrizitatearen kontsumoa aurrezteko. Teknologia honek hainbat abantaila eskaintzen ditu, hala nola, kontsumo baxua, argi-kontaminazio baxua eta mantentze-lan baxua. Dagoeneko hasi dira argi hauen instalazioarekin eta aurtengo proposamenak mikro-bonbila zuri, urdin eta gorridun zumezko irudiak ekarriko dizkigu, gure kaleei datozen egun hauek duten berezko jai-giro hori emateko.



