Bikain joan dira santelmoak!
Festa bukatu berritan, Zumaiako Udalak balorazioa egiteko tartea hartu du, gaur. Santelmoetan giro ezin hobea izan da herriko kaleetan, eta horrek zumaiarrak kalera atera, eta kanpotarrak Zumaiara erakarri ditu. Izan ere, batez ere, lehen asteburuan, jendetza ibili zen kalean. Bigarren asteburuan eguraldia aurrekoan bezain argia ez bazen izan ere, eta tarteka kaxkartu bazen ere, jendea ez zen beldurtu, eta festek giro ederrean egin zuten aurrera, atzo 00:00etan bandera jaitsi zen arte. Gauerdian ere jende asko bildu zen kofradia inguruan. Eguraldi onak aurreikusitako ekitaldi guztiak egitea bermatu du, eta arazorik gabe eta giro onean joan dira herriko eragileek zein kanpoko taldeekin antolatutako ekintzak. Beraz, Udalak ekitaldiak antolatzen zein festan, kalean, santelmoetaz gozatzen parte hartu duten guztiei eskerrak eman nahi dizkie.



