Biko lasterketaren harira zenbait argibide
Hainbat gai argitu nahi dituzte Zumaiako Udalaren Kirol eta Berdintasun sailak.
Zumaiako Udalak abenduaren 31rako antolatu duen Biko Lasterketa dela-eta hainbat iritzi entzun eta irakurri ondoren, Zumaiako Udaleko Berdintasun eta kiroletako sailak honakoa adierazi nahi dute:
- Biko lasterketa horrela antolatzea ontzat jotzen dute, horrela, lasterketan zein podiumean emakumeen presentzia bermatzen delako.
- Emakumeen presentzia hori bermatu nahian, haurtzaindegi zerbitzua ere antolatu da. Horrela, emakumeak lasterketa umeekin ikusten egotetik lasterketako partaide izatera pasatzea lortu nahi da.
- Bikote bakoitzaren erabakia da bakoitzak zein modalitate eta modalitate bakoitza ibilbidean nola banatu. Beraz, bikote bakoitzaren esku dago nork egin lasterka eta nork bizikletan. Inork ez du esaten bizikletan emakumezkoak egin behar duenik, eta gizonezkoak lasterka. Ez da hori helburua.
- Lasterketa hori antolatzerako garaian jendearen parte hartzea, eta batez ere emakumeen parte hartzea bultzatu nahi izan da. Lasterketa herrikoia da, eta lehiaketa alde batera utzi, eta emakume zein gizonak elkarrekin kirola egitea da helburua.
- Parte hartzea bultzatu asmoz, eta Zumaiako gizon emakumeak urtea kirola egiten bukatzea izanda helburu, Zumaiako Udalaren Kirol sailak bikoteko bi partaideek korrika bakarrik egitea ere onartu du. Hau da, nahi dutenek bizikletan eta korrika egin dezakete, eta baita korrika bakarrik ere.



