Bilera irekia egingo du Udalak aparkamenduaren inguruko 2018ko ordenantzaren nondik-norakoak azaltzeko

2018/02/16

Bilera hori datorren astelehenean izango da, arratsalde 18:00etan Alondegiko Oxford aretoan. Helburua da erregulazio sistema herri osora zabaltzeko landutako lehen zirriborro proposamena herritarrei aurkeztu eta azaltzea.

Zumaiako Udalak dagoeneko prest du aparkamenduaren erregulazio sistema herri osora zabalduko duen ordenantzaren lehen zirriborroa.

Ildo horretan, emandako hitza beteaz, aipatu dokumentua herritarrei aurkeztu eta azaltzeko bilera irekia antolatu du. Bilera hori datorren astelehenean izango da, arratsaldeko 18:00etan Alondegiko Oxford aretoan eta bertan izango dira azalpenak ematen Zumaiako alkatea, Oier Korta eta udal arkitektoa Gorka Arregi.

Azalpen saioa elebitan egingo da eta helburu du datorren ekainetik aurrera herri osora zabalduko den erregulazio sistema berriaren xehetasunak herritarrei azaltzea.

Izan ere, ordenantza landu eta sistema berria herritar ororen beharretara egokitzeko, aipatu dokumentua osatzeko garaian Udalak kontuan izan ditu uda sasoitik hona herritarrengandik  jasotako iritzi eta ekarpenak, baita azaroan eginiko 5 bilera irekietan zein bestelako komunikazio euskarrien bitartez (posta elektronikoa, udal whatsappa) jasotakoak ere.

Horiek guztiak mahai politiko-teknikoak aztertu eta landu dira eta jada lehen zirriborroa osatuta eta herritarrei zein udal talde politikoei aurkeztuta, otsailean egingo den ez ohiko osoko bilkuran behin-behineko onespena ematea aurreikusi du Udalak.