Bilera irekia egingo du Udalak Keretxudi Baratze Parkearen erabileraren nondik-norakoak azaltzeko

2018/09/18

Bilera hori irailaren 20an egingo da, arratsaldeko 18:00etan Alondegiako Oxford aretoan. Helburua da Udalak baratzeen erabileraren inguruko xehetasunak aurkeztu eta zalantzak argitzea.

Gipuzkoako beste hainbat herritan bezala, Kutxa Ekogunearen laguntzarekin Keretxudi Baratze Parkea sortu du Zumaiako Udalak 70m2 inguruko 50 lursailez osatuta; horietatik %50a interes taldeentzat gordea (langabetuak, DSBE hartzaileak, ezgaituak, ama bakarreko bizikidetza unitateak…) eta gainerakoak herritarrei zuzenduak.

Behin izen emate prozesua amaituta, joan den irailaren 4an, Udalak publiko egin zuen erabiltzaileen  eskaeren behin betiko zerrenda: guztira 42 lagunek izango dute lursail bat ustiatzeko aukera eta horietatik 15 interes taldeak izango dira.

Edonola ere, Baratze Parkea eta lursailen ustiaketa martxan jarri aurretik, Udalak bilera ireki bat egingo du erabileraren inguruko xehetasunak azaldu eta zalantzak argitzeko.

Bilera hori datorren irailaren 20an egingo da, arratsaldeko 18:00etan Oxford aretoan.

Keretxudi Baratze Parkea Kutxa Ekoguneak sustatutako Baratze Parke Sareko Gipuzkoako 20. Baratze Parkea izango da. Baratze parkearen helburua da, nekazaritza jarduera lantzeaz haratago, ingurumena, ekologia, autokontsumoa edo elikadura osasuntsuaren inguruko heziketa eta sentsibilizazioa garatzea.