Bilerek izan duten erantzunaren ondoren, Usurbilera irteera

2012/05/24

450 lagunetik gora bildu dira bileretan, eta informazioa jaso ondoren atez ateko sistema bertatik bertara ezagutzeko gonbidapena egiten die herritarrei Udalak.

 

Asteartean bukatu zuen Zumaiako Udalak herritarrei hondakinen arazoaren eta gaikako bilketaren inguruan antolatutako lehen bilera erronda. Apirilaren 4tik maiatzaren bukaerara bitartean luzatu den lehen kontaktu honetan, hitzaldi bat eta zazpi bilera egin dira. Guztira, 450 lagunetik gora izan dira bileretan, eta Udal Gobernua gustura dago bilera horiek izan duten erantzunarekin. Bilera horietan, herritarrek hondakinen arazoaren oinarria zer den ezagutzeko aukera izan dute, baita Zumaiako gaur egungo datuak ere. Horretaz gain, hondakin bilketa sistema ezberdin batekin birziklapen datuak nola egiten duten gora jakiteko aukera izan dute.

 

“Epe honetan, argi gelditu da guztion nahia eta puntu komuna bera dela: birziklapena. Zumaiako Udal Gobernuak birziklapen datu altuenak dituen gaikako bilketa sistemaren apustua egiten du. Gaur egun sistema hori delako datu altuenak ematen dituena. Baina helburua ez da sistema bat edo bestea. Helburua herritar guztiok hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzea da”, azaldu du Udal Gobernuak. Birziklapen maila altua lortzea du helburu Zumaiako Udalak: “Sistema aldatzea beharrezkoa da, birziklatzea beharrezkoa den bezala. Eta hori lortzeko ari gara lanean”, diote.

 

Usurbilera, ekainaren 2an

 

Bilera eta informazio fase honi bukaera emateko Usurbilera goiz irteera antolatu du ekainaren 2rako Udalak: “atez ateko sistemaren inguruko datuak eman ditugu, nola egiten den azaldu dugu… baina herritarrak sistema hori bertatik bertara ezagutu eta ezjakintasunaren beldurra kentzeko antolatu dugu Usurbilera irteera”. Ekainaren 2an goizeko 8:00etan Txomin Agirre kaiko autobus geltokian elkartu ondoren abiatuko dira Usurbilera. Larunbatetan, hondakin organikoa biltzen da Usurbilen, eta hondakin hori herri-gunean nola biltzen den ikusteko aukera izango da,  eta hondakin biltzaileekin hitz egin eta zalantzak argitzeko aukera ere izango da.  

 

Irteera horretan parte hartu nahi dutenek aurrez udaletxean (943 86 50 25) eta turismo bulegoan eman behar dute izena. Autobusa doan izango da.